GARA > Idatzia > Mundua

Txinako buru bat kargugabetzeko eskatu dute Alderdi Komunistako 16 beteranok

Txinako Alderdi Komunistako beterano talde batek, gutun baten bidez, Txinako goi agintari baten kargu-uztea eskatu du, hain zuzen, Zhou Yongkang segurtasun arduradunarena. Goranzko bidea zeraman izar politiko Bo Xilai «erori» ostean, Zhouren egoera ere kolokan da.

GARA | PEKIN

Txinako Alderdi Komunistako 16 beteranok Zhou Yongkang kargutik ken dezatela eskatu dute. Zhou Alderdi Komunistako Buro Politikoa osatzen duten bederatzi kideetariko bat da, eta martxoan kargugabetu zuten Bo Xilairekin harremana zuen. Gaur egun Bo Buro Politikotik kanpo dago eta, ustelkeria leporatuta bere jarduna ikertzen ari dira. Halere, datorren udazkenean, Alderdiaren Kongresuarekin batera, Buro Politikoaren Batzorde Iraunkorrean sartzeko asmoa zuen.

Halaber, bere emazte Gu Kalairi britainiar baten heriotza leporatu diote.

Eskandalu horrek Txinak aspaldian bizi duen lurrikara politikorik handiena eragin du. Hainbat ikerlariren arabera, Bo «goranzko izarraren» erorketa -kongresua egiteko hilabete batzuk falta direnean- Alderdiaren buruzagitzan dauden borroka latzen isla da. Liskar horiek, ustez, Zhou Yongkang-en tankerako kontserbadoreen eta erreforma politikoak onartzen dituztenen artean gertatzen dira.

Ustelkeriaren aurkako arduradun izandako Zhao Zhengrongek France Press agentziari baieztatu zion beste 15 alderdikiderekin batera Zhou Yongkangen kargu-uztea eskatzeko eskutitza sinatu duela. «Horrela eskatzen dugu Zhou Yongkang `Chongqing eredua' suspertu duelako» eta Bo Xilaren alde lan egin duelako. «Gezurtiak dira. Denak espezie berekoak», adierazi zuen Zhaok.

Gainera, Chongqing herrian zuen gotorlekuan mafiaren aurkako borroka abian jarri zuenean, kanpaina neomaoista baten barruan, tortura erabili zuela salatu dute eskutitz horren sinatzaileek. Giza eskubideen aldeko militanteen esanetan, Zhaok, bere botere eta baliabideekin, Bo Xiliaik bultzatutako errepresioa lagundu zuen Chongqingen. Izan ere, mafiaren aurka erabilitako metodoek «justiziaren independentzia suntsitu zuten, legez kanpoko prozesu ugari sortu eta beldurra zabaldu zuen gizartean».

Meatxuak

Zhou Lege Batzordetik eta Batzorde Politikotik kendu nahi dute, Txinako polizia eta justizia zuzentzen duten organoetatik. Baliteke, ordea, gutun horren berri izan denean, Zhouk jada bere kargua utzi izana.

Zhaok gaineratu zuenez, 16 sinatzaileek sostengu zabala jaso dute, gutuna Interneten atzerriko orrialdeetan argitaratu zutenetik. Bestalde, aldi berean meatxuak ere jaso dituztela salatu du. «Besteak beste, hilko nautela esaten zuten mezuak, gai `arriskutsuetan sartzeagatik'». Poliziak ere galdera ugari egin zien eskutitzaren edukiaren gainean.

txen, 15 egun barru

Txinaren eta AEBen arteko arazo diplomatikoa, AEBen enbaxadan sartu zen Txen Guangtxeng disidentearen gainekoa, konpontzeko bidean dela zirudien atzo, Txenek pasaportea lortzeko betebeharrak egin ditu-eta. Agintariek azaldu diotenez, 15 egun barru AEBetara joan ahal izateko pasaporteak -baita emazte eta seme-alabenak ere- emango dizkiote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo