GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Twitter euskaraz erabili ahal izateko itzulpen zentroa abian da

Twitterren erabiltzen diren eremu urriko hizkuntzei dagokienez, euskara da sare sozialean gehien erabiltzen direnetan bigarrena: 7.000 erabiltzailetik gora dira «tweet»-ak euskaraz idazten dituztenak. Egun bakarrean, erabiltzaileek Twitterreko menuaren %80 itzuli dute.

p061_f01_148x80.jpg

Koldo LANDALUZE | BILBO

Twitter euskaraz erabili ahal izateko prest dago; izan ere, asteazkenean hasita sare sozialak itzulpen zentroa euskaraz erabiltzeko aukera eskaini ostean, erabiltzaileek Twitterreko menuaren %80 itzuli dute dagoeneko.

Microblogging zerbitzua da Twitter. Era erraz eta sinplean mezuak publikatzeko aukera ematen diguna. Hainbat erabiltzailerentzako blogaren ordezko bilakatzen ari da. Twitterren erraz publika daiteke esaldi solte bat, blogeko azken artikulua zabaldu, lotura bat edota nahi duguna, beti ere, 140 karaktereren muga errespetatuz.

Twitterreko edukiak euskaratzeko lanean parte hartu nahi dutenek Twitterreko itzulpen zentrora jo behar dute eta, horretarako, Twitterreko kontu bat izan behar da. Euskaratzeko ez ezik, Twitter afrikaansez, katalanez, txekieraz, ukraineraz eta grezieraz jartzeko laguntza ere eskatu du.

Twitter «eremu urriko hizkuntzentzako etxea» bilakatu da, euren jakinarazpenean esan dutenez. Kevin Patrick Scannell irakasleak sortutako Indigenous Tweets webguneak eremu txikiko 70 hizkuntza baino gehiago jasotzen ditu eta, horien artean, besteak beste, kreolera eta euskara. Twitterren erabiltzen diren eremu urriko hizkuntzei dagokienez, euskara da, Haitiko kreoleraren ondoren, sare sozialean gehien erabiltzen dena. 7.000 erabiltzailek baino gehiagok idazten dituzte tweetak euskaraz.

Twitterrek 140 milioi erabiltzaile ditu eta egunean 340 milioi tweet inguru argitaratzen dituzte. «Interneteko SMS zerbitzu» gisa ezaguna da eta Udaberri Arabiarrean erabilgarritasun handia izan zuen. #twittereuskaraz etiketa aspaldian erabili dute Twitterreko euskaldunen komunitatean sare soziala euskarara itzultzeko eskakizuna egiten. Erabiltzaile euskaldunek askotan erakutsi dute teknologiaren alorrean euskararen alde lan egiteko prest daudela: Facebook sare sozialean, software librearen eremuan edo infografia esparruan, besteak beste.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo