Kronika | OEE-ren eta bageraren kanpaina
Katarro euskaldunari, pilula euskaldunak
Gaixoak sendagilearekin harremana euskaraz izan nahi duela eskatzeko aukera urte osoan dago, baina horretarako egun bateko kanpaina egin zuten atzo Donostian Bagerak eta OEE-k. Azalean, mediku aldaketa eskatzea dela dirudien arren, funtsean euskaraz bizi nahi dutenen eskubideenkiko errespetu eskaera dago.
Oihane LARRETXEA
Medikuaren kontsultan «Dígame, ¿qué es lo que le ocurre?» galdera «Esaidazu, zer gertatzen zaizu?» izan dadin urrats asko egin behar dituzte gaixo askok Euskal Herrian; izan ere Osakidetzan lanean diharduten familiako mediku eta pediatren gehiengoa gaztelaniaz soilik mintzatzen baita. Herritar bakoitzari sendagile bat edo beste egotzi aurretik zein hizkuntzatan artatua izan nahi duen galdetzen ez denez -hori izango bailitzateke irtenbiderik errazena eta zuzenena-, gero komeriak etortzen dira. Gainera, galdera hori egiteak soilik dauden bitartekoak ahalik eta modu eraginkorrenean aprobetxatu ahal izatea ekarriko luke. Erreklamazio bat hemen, kexa bat han... eta askotan eskaerari ezin diola baiezkoa eman esaten dio Administrazioak gaixoari. Hori, erantzuten badio, izan ere, askotan paper horiek erdibidean gelditzen direla onartu zuen OEEko ordezkari Jabier Agirrek. Horregatik, atzoko eskaeren jarraipena egingo dutela iragarri zuen.
Antigua auzoan bezala, hiriko beste zortzi anbulatorioetan abiarazi zuten kanpaina, Loiola-Txomin-Martuteneko anbulategian salbu, zentro honetako mediku nahiz pediatra guztiek baitakite euskaraz.
Lan horietan aritu zen atzo Agirre. Martin Lekube antiguatarrari eskaera orria eman, eta datuak bete zituen hark. Bere aburuz, «Euskal Herrian gauden unetik euskaraz hitz egin nahi duenaren eskubideak bermatu behar dira». Osasungintzan horiek betetzen direla ziurtatzea are garrantzitsuagoa dela iritzita, harrerako emakumeari eman zion eskaera, honek zigilua jar ziezaion. «Euskaraz ez zekiela eta, hortaz, orrian jartzen zuena ez zuela ulertzen onartu dit; bera, tutik ulertu gabe jarri du zigilua», esan zuen irteeran Lekubek. Egoera ikusita, Agirrek ohartarazi zuen administrazioko langileek ere euskaraz jakin beharko luketeela.
Alde Zaharrean Bagerako Jone eta Maria Luisa zeuden laguntza eskaintzen. Ordura arte eskaerak bazituzten, eta onartu zuten eskatzeko edo ez eskatzeko arrazoiak «oso bestelakoak» izan daitezkeela; hedatuena, dagoeneko konfiantza osoa izatea gazteleraz egiten duen medikuarekin. Horretaz harago, garrantzitsuena, euskaraz gaixotzeko eskubidea dagoen neurrian, euskaraz sendatzeko eskubidea bermatuta izatea da.