Donibane Lohizuneko arrantza-ontzi bat hondoratu da
A.M. | DONIBANE-LOHIZUNE
«Haura» arrantza-ontzia itsasoak irentsi zuen atzo goizaldean Mimizan (Landak) aurreko itsas zabalean. Goizaldean, 5.30 aldera, Bretainiako Etel herriko Sorospen eta Behatze Zentroak laguntza eskaera jaso zuen.
Nonbait, 3.00ak inguruan, arrantza-ontziak ur gainean zegoen objektu batekin talka egin ostean, ur sarbide handia ireki zen kroskoan. Bertan zeuden hiru arrantzaleek larrialdietako jantziak ipini eta salbamendu-txalupa hartu zuten. Bertatik egin zieten dei sorospen zerbitzuei esku-irratiaren bidez.
«Santa Rita II»
Sorospen zentroak handik 45 minutura zegoen «Santa Rita II» -Donibane Lohizuneko portukoa hori ere- bidali zuen marinelak laguntzera.
«Haura»ko arrantzaleek jaurtitako bengala bati esker, berehala atzeman zituzten eta onik erreskatatu. Arratsalde hasieran iritsi ziren guztiak Donibane Lohizuneko portura, itsasontzia galdu zutenak oso hunkituak oraindik.
Michel Dos Santos, «Santa Rita» itsasontziko patroiak adierazi zuen erreskatea zertxobait zaila izan zela itsaso bizia zegoelako. «Haura» euren aurrean hondoratu zela gaineratu zuen.
Duela sei urte bere itsasontziak ere gorabehera tamalgarria izan zuen, bertako marinel bat hil zelarik.
«Haura», 1982n eraikitako itsasontzia zen, batez ere mihi-arraina arrantzatzen zuena, eta iaztik zegoen Donibanen.