GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Julian Zelaia oroituz

Hamabost biloba musikari, aitaita omentzen

Familia handia da Oñatiko zelaiatarrena eta musika odolean darama. Hamabost biloba dira, musikazaleak denak. Herriko talde ugarirekin batera, Julian aitaitari ekitaldi bat eskainiko diote bihar. Organista fina izan zen Julian (1916-1970) eta musikaren atea zabaldu zion hainbat belaunaldiri.

p006_f01.jpg

Maider IANTZI

Familia-bazkari batean sortu zen ideia. «Musikari asko gaudela aipatu zuen norbaitek eta jendea kanpotik ekarri beharrean omenaldia guk geuk egitea erabaki genuen. Antolatzen gehiago ibili dira gurasoak, baina guk, bilobok, parte hartuko dugu», kontatu ziguten Nagore, Itziar, Ana eta Kepa gazteek, Zelaia abizenekoak laurak. Guztira hamabost biloba dira eta denak bilduko dira aitaita oroitzeko ekitaldian. Horietako zazpik instrumenturen bat joz edo dantzatuz parte hartuko dute.

Julian Zelaia Ugarte gazterik hil zen, 53 urte bertzerik ez zituela minbiziak jota, eta jakina, bilobek ez zuten ezagutu. Baina kontatu dietenarekin badute bere irudi bat buruan: «Beti parrokian izaten zen eta unibertsitateko artxiboan lan egiten zuen. Organoa jotzen zuen; amamaren etxean argazki asko dago. Abesbatzako zuzendaria izan zen; beti egon zen musikari oso lotuta. Orduan erlijioak pisu handia zuen eta korpusetan ateratzen zen», hasi ziren azaltzen. Batek gauza bat aipatu eta bertzeak ematen zion segida. «Aita Donostiaren karta bat ere bada amamaren etxean, eta Aita Madinarena. Aita Madinaren laguna zen eta obra batzuk estreinatu zizkion». «Lauda Sion» Julianek estreinatu zuen eta geroztik urtero kantatzen da. «Guztiz ederra» ere eskaini zion sortzaileak abesbatzarekin kantatzeko.

Musikazaletasun horretan aitonaren bideari jarraitu diote gazteek. Erran daiteke odolean daramatela zelaiatarrek hori, eta gehiago edo gutxiago, denek izan dute harremana musikarekin. Hala ere, «gauza bat da afizioa eta bestea hortik bizitzea». Julen gaztea da ezagunena; bere 17 urteekin hainbat sari esanguratsu eskuratuak ditu jada. Iazko Nicanor Zabaleta txapelketa irabazi zuen; urte berean, ikasten ari den Madrilgo Sofia Erregina goi musika eskolako bere katedrako ikasle bikainenaren saria eman zioten; 14 urterekin, Estatu mailako VIII. Interpretazio Txapelketa Nazionaleko lehendabiziko saria irabazi zuen, eta Euskal Herriko Musikari Gazteen IV. Lehiaketakoa ere bai, hari kategorian. Eta 9 urte zituela lehen saria eskuratu zuen Interpretatzaile Gazteen Lehiaketa Iraunkorrean. Omenaldiaren ondoren, Armeniara joatekoa da bertze lehiaketa batera.

Hitzordua, 19.00etan Santa Anan

Santa Ana antzokian izanen da Julianen oroimenezko ekitaldia, bihar, 19.00etan. Eta musikariez gain, dantzariek parte hartuko dute: Kepak eta Nagorek aurreskua dantzatuko dute, baina txistuarekin egin beharrean biolinarekin, eta Oñatz dantza taldearekin gozatzen ahalko da. Lau bilobak -Arantzazu, Itziar, Julen eta Kepa- «La vida es bella» joko dute batera eta hori izanen da senide gehien kanta batean elkartuko diren momentua.

«Herrirako ekitaldi polita izango dela uste dugu, familia handia eta ezaguna garelako eta kontaktu asko ditugulako. Edadeko jendearentzat ere polita izango da, elizaren parte baitzen aitaita», agertu zuten. Bukatzean, afaria eginen dute, «aitzakia bat biltzeko».

Omenaldiaren bertze bultzatzaile batek, Jerardo Elortzak, nabarmendu zuenez, Julian Zelaia erreferentzia izan zen ez musika klasikoan eta elizakoan soilik, «beste musika mota batzuk bazirela jakiteko» ere bai. «Gure musikaren memoria bere bidez hedatu genuen. Garai hartan ez zen erraza; banda eta elizako abesbatza, besterik ez zen. Eta hainbat belaunaldi zorretan gaude berarekin, formazioa eman zigulako. Urteak pasa ahala ohartzen zara», adierazi zuen.

Elortzak piano eskolak hartu zituen Zelaiaren etxean eta Unibertsitate Zaharreko Protokolo artxibategiko kaperan egiten zituzten entseguetan ere ikasi zuen. «Ia egunero Oñatiko erretaularik ederrenetakoan entseatzeko aukera izan genuen. Artxiboko paper zaharrak ere erakusten zizkigun. Gero historia lantzen ibili naiz eta lehendabiziko hazia berarekin erein nuen».

Jakinarazi zigunez, parrokiako korutik aparte, bertze bat zuzendu zuen Julianek, Schola-Cantorum izenekoa, eta bertan, elizakoan ez bezala, emakumeek ere kantatu zezaketen. Organista gisa, aldiz, «aparta» zela oroitzen du Jerardok. Ez zen konformatzen eta beti gauza berriak jotzen zituen. «Hau ezaguna egiten zait», pentsatzen du orain bere ikasle izandakoak irratian abesti bat entzuten duenean. Eta gero konturatzen da: «Jakina, Julianek jotzen zuen».

Manu Egaña Oñatiko Udaleko Kultura zinegotziak (Udalaren, Gipuzkoako Aldundiaren eta Kutxaren laguntza du ekitaldiak) azaldu zigun maiatzeko Musika Egunak direla-eta musika klasikoaren inguruan giro ederra sortzen dela herrian eta hainbat belaunaldirentzat musikarako sarbide izan den gizonari eginen zaion omenaldi hau primeran txertatzen dela bertan.

Parrokiako koruak «Betor eleizara» Julian Zelaiaren kantua kantatuko du, Iñazio Ibarrondo abesbatzako zuzendariak egokitua, baita «Ilunabarra» profanoa, E. Mokoroarena, eta «Aita Gurea» Oñatiko kantua, Aita Madinak konposatua ere. «Mutikotatik berarekin kantuan ibili naiz koruan eta bera joan zenean ni gelditu nintzen zuzendari. 40 urte daramatzat», adierazi zuen Ibarrondok.

Bere hizkera, musika

Jose Antonio Azpiazu historialariak, batez ere, «organista fin eta artista paregabe bezala» oroitzen du Julian Zelaia. «Garai hartan, arrakasta izateko kanpora atera behar zen, bere adiskide minak, Julian Sagasta organista famatuak, egin zuen bezala. Bere hizkera musika izan zen, eta arte berezia eskuratu zuen, bereziki oñatiar entzule eta adiskideen gozamenerako».

Julian Oñatiko Patrue kalean jaio zen 1916an. 1969 amaieran eritu, eta hilabete gutxira zendu zen, jaiotetxean bertan, 1970an. Agustindarretan ikasi, eta Julian Sagasta lagunarekin batean Burgosera jo zuen piano karrera egitera. Oñatira bueltatzean Asuncion Mendizabalekin ezkondu zen, Santa Zezilia egunean, San Miguel elizan. Atarian, herriko musika taldeak zorion abestiak eskaini zizkion bikoteari. Bederatzi seme-alaba izan zituzten eta Patruekalen egin zuten bizimodua.

Azpiazuk oroitzen du nola, artxibategiko lanean, batzuetan agustindarretako ikasleek laguntzen zioten fitxak betetzen. Baina bere bokaziozko lana bertze bat zen, eta 30 urtez abil jo zituen parrokiako organoaren teklak. «Lehendabiziko ekitaldia Uribarriko San Andres egunean eman zuen. Mezak, hiletak, bezperak, bederatziurrenak... Elizkizun denetan organoa joaz laguntzen zuen».

Harremanak izan zituen hainbat musikari ezagunekin; adibidez, Jose de Olaizola hernaniarraren («Haurtxo polita» kantaren egilea) eta bien gutun ugari daude. Olaizolak eskerrak ematen dizkio Zelaiari bere kantak kantatzeagatik. Jose Antonio Arana Martijaren kartak ere badira; honek artxiboko datuak eskatzen zizkion eta idatzi batean nabarmentzen du datuak ateratzen jarraitu behar duela, «oso garrantzitsua delako euskal musikaren historia ezagutzeko».

Kontatzen dute Jose de Azpiazu konpositore oñatiarrak (hau Musikastek omenduko du maiatzaren 27an, bere jaiotzaren mendeurrenean) eta biek klabezin bat aurkitu zutela, hondatuta. Konpontzeko dirudun bat topatu bitartean Julianen etxeko ganbaran gordetzea pentsatu zuten, baina... etxe hau erre eta akabo musika tresna! Josek «El clavecín de Celaya» idatzi zuen gitarrarako.

«Oso zaila da, baina bakarlari aritzea dut helburu»

Julen Zelaia 17 urteko biloba aitonak transmititutako musikazaletasunaren adibide da. Biolin-jotzaile trebea da, lortutako sariek erakusten dutenez (Nicanor Zabaleta eta Estatu mailako Interpretazio Lehiaketa Nazionala irabazi ditu, bertzeak bertze), eta bakarlari aritzea du amets. «Oso-oso zaila da, baina hori da nire helburua», adierazi zigun ilusioz beteta. Hitzak falta zitzaizkion aitaitaren omenaldiak berarentzat erran nahi duena deskribatzeko. «Denbora luzea igaro da hil zenetik eta horrek ahaztea ekar dezake. Baina guk gogoratu egiten dugu. Nahiz eta ez ezagutu, oso garrantzitsua da niretzat. Berak erakutsi zion organoa jotzen nire aitari; berarengatik da organista. Eta, era berean, aitak niri transmititu dit zaletasuna». Musika zainetako odola bezala pasatu da belaunaldiz belaunaldi.

Ekainaren 7an, Armenian nazioarteko lehiaketa bat jokatuko du gazteak. 15 eta 30 urte arteko musikariek parte hartzen dute eta «programa nahiko potentea da». Gogoz gainezka joanen da bere «lehendabiziko esperientzia garrantzitsura». J.V.

Musika... eta dantza

Kepak eta Nagorek aurreskua dantzatuko dute Julenen biolinarekin, eta Oñatz dantza taldearekin ere gozatzen ahalko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo