GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

European Challengeko finala

Denboraldia txukundu beharra dauka Biarritzek

Zuri-gorriek 21.00etatik aurrera jokatuko dute Toulonen aurka, Twickenham estadioan. Irabazten badute, gainera, Heineken Koparako sailkatuko dira.

p043_f01_453x435.jpg

Jon LEUNDA

Biarritzek ezin du alferrik galdu aurtengo denboraldia txukuntzeko duen aukera. Horretarako, ordea, irabazi egin beharko du gaur 21.00etatik aurrera Londresko Twickenham estadioan jokatuko duen European Challengeko finala. Aurrean Toulon taldea izango du.

Zaleei poz handi bat emateaz gain, gainera, datorren urtean Heineken Kopan aritzeko txartela ere lortuko lukete zuri-gorriek, eta hori ere sari handia da, aspaldiko partez Europako lehiaketa garrantzitsuenean jokatzetik kanpo geratu baitira.

Finala unerik onenean iristen zaio Biarritzi. Denboraldi txarra egin du, partida negargarriak ere asko izan dira, baina une honetan oso joko bolada onean dago. Denboraldia oso ongi amaitu du, eta horrek garaipena lortzeko konfiantza ere ematen die zuri-gorriei.

Olympiquentzat sasoiko azkeneko partida izango da, eta Toulon, berriz, Ligako final-laurdenak jokatzeko sailkatuta dago. Datorren astean ekingo dio zeregin horri. Horrek ere lasaitasun apur bat ematen die euskaldunei, beren aurkariak oraindik partida garrantzitsu bat baino gehiago jokatu beharra izango duelako, eta jokalari lapurtarrek, berriz, ez.

Hamabostekoa erabakita

Patrice Laguisquet entrenatzaileak hamabostekoa erabakita dauka, eta azken orduko aldaketarik ez baldin bada, honako hau izango da: Watremez, Hegi, Van Staeden, Thion, Taele, Lauret, Guyot, Harinordoki, Yachvili, Peyrelongue, Haylett Petty, Traille, Barraque, Ngwenya eta Balshaw. Aulkian, berriz, August, Marconeet, Gomez Kodela, Lund, Gray, Bosch, Gimenez eta Bolakoro geratuko dira.

Biarritz ez da bakarrik izango Ingalaterran, zale ugari joango baitira bertara. Doazenen kopurua ez da jakina, baina ehunka izango dira. Ostirala ez da egunik onena, baina askok hartu dute eguna jai, eta goizean bertan -baita atzo gauean ere- askok hartu dute hegazkina lapurtarrak animatzera joateko.

Biarritzen bertan ere, festa giroa nabaria izango da gaur gauean. Klubak afaria antolatu du Agilera estadioan, eta ondoren jarri dituzten pantaila erraldoietan jarraitu ahal izango da partida. Herriko taberna eta jatetxe ugarik ere afaria antolatu dute partidaren aurretik, gero finala denek batera ikusi ahal izateko. Gero, guztiak jarraipena izatea nahi dute, eta horretarako garaipena behar dute. Biarritzek bere azken finala orain dela bi urte jokatu zuen Parisen, baina galdu egin zuen. Orduan, ordea, Heineken Kopakoa zen. Handik etxerakoan, berriro ere laster final handi horretan izango zirela iragarri zuten jokalariek, baina bi urte pasata ez da Heineken Kopako finalik etorri. Nolanahi ere, gutxienez European Challengekoa jokatuko dute. Azken urte hauetan ez da titulurik etorri Lapurdi aldera, eta ez litzateke txarra izango gaur etortzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo