Museoek askotariko jarduerak egingo dituzte beren egunean, «ospatzeko eta hausnartzeko»
Umeentzako jinkana; margotu, ehizatu eta sua egiteko abentura; sarrerak eta bisita gidatuak dohainik... Egun erakargarria da gaurkoa, Museoen Nazioarteko Eguna, kulturguneok ezagutzeko eta gozatzeko.
GARA | DONOSTIA
Museoen Nazioarteko Egunaren inguruan antolatutako ekintzak aurkeztu, eta museoen kudeaketaren nondik norakoak azaldu zituen atzo Gipuzkoako Aldundiko Kultura sailak. Ikerne Badiola diputatuak museoen alorrean departamentua egiten ari den kudeaketa azaldu zuen. Eta ondoan izan zituen zenbait museotako ordezkariak beren eguna ospatzeko antolatu dituzten ekintzak aurkezten: han ziren Ekainberriko zuzendari Juanjo Aranburu, Zumalakarregi Museoko koordinatzaile Lourdes Azpiazu eta Igartubeiti baserri museoko koordinatzaile Kizkitza Ugarteburu.
Badiolak nabarmendu zuen beren sailaren helburu garrantzitsuetako bat ondarea zaharberritzea, zaintzea, erakustea, zabaltzea eta gizarteratzea dela, eta horretarako ezinbesteko tresna direla museoak. «Museoen eguna ospatzeko eguna da, baina hausnartzekoa ere bai, inoiz baino gehiago. Mundu aldakor batean erronka berriak, inspirazio berriak behar dira, eta kultur ereduak berriz pentsatzeko aukera dugu, beharretik sortutako aukera; baina aukera, finean».
Gaur, bai eta asteburuan ere, askotariko jarduerak izango dira museoetan gozatzeko. Igartubeiti baserri museoan, adibidez, Kizkitzako ermitara txango gidatu eta komentatua eginen dute larunbatean. Kizkitza Ezkio-Itsason dago, museotik lau kilometrora. Gainera, asteburuan doan izango dira sarrera eta 11.00, 12.30 eta 17.00etako bisita gidatuak. Aurrerago, maiatzaren 27an, Baserri Eguna ospatuko du Igartubeitik. Zumalakarregin, aldiz, «Munduari bira 80 minututan» jinkanan jolasten ahalko dira haurrak gaur, 16.30ean. Eta museo honetan ere doan izango dira asteburuan sarrera eta bisita gidatuak (11.00etan euskaraz, 12.00etan gaztelaniaz).
Ekainberrin ibilaldia egingo dute gaur Zestoatik museora (10.30ean da hitzordua, Zestoako bulegoan) eta «Ekain abentura» aurkeztuko dute. Abentura honetan, margotzeko, ehizatzeko eta sua egiteko aukera dago. Azkenik, Untzi Museoan gaur eta bihar doan bisitatzen ahalko da «Balezaleak» erakusketa.
Museoen Nazioarteko Eguneko ohiturari jarraituz, San Telmo Museoaren Lagunek lan bat oparitu diote museoari, Luis Brocheton Muguruzaren (Donostia, 1826-1863) «Emakumearen erretratua bere semearekin» koadroa, hain zuzen. Obra horrekin, eta elkartea 1992an sortu zenetik, 89 dira Museoaren Lagunek egindako dohaintzak. Brocheton lehendabiziko margolari erromantiko gipuzkoarra izan zen. Benetako aitzindaria margolari izatea ohikoa ez zen lurralde batean arte ederrak suspertzen. Erretratu honek egilearen marrazketa fina eta koloreak erabiltzeko maisutasuna erakusten ditu. GARA