GARA > Idatzia > Kultura

Bidankozeko langile batailoietako oihartzunak ekarri ditu Patxi Zubizarretak bere nobela berrian

Patxi Zubizarretak «Hiru gutun Iruñetik» aurkeztu du Kaxilda txoko berrian. Aitor Azurki «Maizales bajo la lluvia» lanaren egilea izan du lagun, bertako testigantzak nobelako protagonisten ahotan jarri baititu.

p047_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

«Gabriel, birigarro hori, zer moduz habil? Ni hemen naukak, hire andregaia banintz bezalaxe, hik alde egin, eta hurrengo egun berean eskutitz hau idaztera eserita. Eta oraindik hire helbiderik ere izan gabe, hortik atera kontuak... Morkotsa kendu, eta hutsik dagoen gaztainaren antzera nagok». Hala abiatzen da Patxi Zubizarretaren «Hiru gutun Iruñetik» nobela, Rafaelek Gabriel Saharan soldadutza egiten ari den adiskideari bidalitako gutunarekin. Rafaelek behatzak galdu ditu aizkoran, eta horregatik gelditu da Ordizian. Bertako jaien, lagunen eta Luzia Gabrielen neska-lagunaren inguruko kontuak idazten ditu eskutitz hauetan, baita oroitzapen ederrak ere: sanferminetako parranda, Larraitzera bizikletaz igo eta aireplanoz jaitsi zirenekoa... Sarri agertzen dira hegazkinak sufrimendutik dexente duen eleberri honetan.

Pamielak argitaratu du lana, eta Kaxilda aisia eta kultura uztartzen dituen Donostiako txoko berrian egin zuten aurkezpena atzo (Amarako Arroka kalean). Jose Angel Irigaray editoreak erran zuenez, «historian zintzilik dauden kontuak» ekarri ditu Zubizarretak, «oso goi mailako literatura eginez».

Gaineratu zuenez, taupada berezi bat, emozio berezi bat antzematen zaio, beharbada gerra bizi izan zuen jendearen testigantzak jarri dituelako nobelako protagonisten ahotan. Aitor Azurki Donostiako kazetariak «Maizales bajo la lluvia» liburuan jaso zituen azkeneko gudari eta milizianoen lekukotasunak, bertzeak bertze. Hori dela-eta, Azurki bera aurkezpenean egotea nahi izan zuen eta honek esker ona eta poza bertzerik ez zituen erakutsi, «ahanzturaren aurkako borrokan», Zubizarretak «balioa eman» dielako testigantzei.

Faxismoak errepikatzen

Aspaldian Gasteizen bizi den Ordiziako idazleak azaldu zuenez, idatzi ahal izateko, aurrena anitz irakurri behar izan du. Eta hainbat aipamen eta lekukotasun hartu ditu.

Hiru zati ditu liburuak: lehendabizikoa gutunek osatzen dute; bigarrenean, hirugarren pertsonan kontatzen du nola eraman zituzten presoak Iruñetik Erronkarira, han langile batailoietan, ia esklabo, errepideak egitera; eta hirugarren zatian, bigarren pertsonan agertzen du nola bizi duen Rafael presoak bere mendekua eta ihesa.

«Gauzak errepikatzen ari dira, faxismoak eta abar, eta arrasto bat utzi nahiko nuke, sentitu eta gero zer pentsa emateko», adierazi zuen egileak. Nabarmendu zuen testigantzetatik jaso duen duintasun ikaragarria izan dela berak atera duen ikasgaia.

BI ADISKIDE

Bi lagunek elkarri bidalitako gutunekin hasten da nobela: Gabriel Saharan da soldadutza egiten, eta Rafael, aldiz, etxean, Ordizian (Billapranka orduan, 1935ean). Soldadutza amaigabe hori gerra bilakatuko da, eta Rafael ere harrapatuko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo