Laura MINTEGI | Idazlea
Baloreak berreskuratu
Baloreak galtzen ari direla entzuten da maiz bazterretan. Umeak apetatsuak eta entzun txarrekoak dira. Gazteek ez dakite obeditzen. Autoritatearen zentzua desagertu egin da. Nagusiei zor zaien begirunea missing dago, errespetuzko formak galdu ei dira, kortesiazko arauak ez dira ezagutzen, mahaian egoteko manerak antigoalekotzat jotzen dira, eta inor gutxi altxatzen da autobusean nagusiei jarlekua uzteko.
50 urtetik gorako pertsona askok faltan hartzen dituzte balore zahar hauek, eta garaiaren degrazioarekin lotzen dute galzorian egotea.
Egia da eten egin dela balore batzuen trasmisioa. Harritzen nauena da, ordea, gabetsi egiten dituztela norbanakoa otzan eta menpeko mantentzeko gainbaloratu ziren balore desmobilizatzaile batzuk eta ez dutela nozitzen beste hainbat balore ere ez direla modako, nahiz eta beharrezkoagoak diren egokitu zaigun mundurako.
Sardexka nola erabili ikasteaz gain (jakiteak ez du lekurik hartzen), bestelako baloreak ere berreskuratu beharrean gaude, berandu baino lehen: aukera berdintasunari, esaterako, balio gehigarria eman beharko genioke «nork bere burua salba dezala»ren garaian. Ahularen babesa berreskuratu eta lehen mailan jarri behar genuke, bai eta baliabideen partitzea edo enpatia landu ere.
Krisiak guztiok jotzen gaituen honetan, dramatikoa da, krudela eta ankerra txiroen, ezjakinen eta atzerrikoen egoera. Has gaitezen birbaloratzen elkartasuna, justizia soziala eta, baita ere, zergatik ez, gazteei irakasten nagusiekiko begirunea adierazten eta jarlekua uzten metroan, besteekiko enpatia adierazteko balio duen heinean.