GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez | sagarroiak@gmail.com

«Detrás de cualquier hombre, siempre hay una madre...»

Lan «erreproduktiboa» gure ardura nagusia izateak ez du esan nahi lan produktibotik botako gaituztenik. Soldata bakarra ez da nahikoa familia batentzat eta etxetik kanpo lan egiteko ere behar gaituzte

Elizako partaideren batek lurra ikara batean ipintzen duten adierazpenak egiten dituenean, komentatuak izaten dira. Egia da jende askok kritikatzen dituela, baina, hala ere, historiaren sasoi honetan ematen du ez ditugula euren tamainan hartzen. Eliza Katolikoa zerbaitek ezaugarritu badu mendeetan zehar, botere politiko eta ekonomikoarekin betidanik izan duen lotura estua izan da. Izan ere, agintearen osagarri ezinbestekoaren papera betez lortu zuen Mendebalde osoan nagusitzea.

Elizako partaideak ez dira herriko xelebreak eta ez dute xelebrekeriarik esaten, nahiz eta herriren bateko abaderen bat nahiko xelebrea izan. Egituretan dauden horiek jende ondo prestatu eta ikasia dira. Berbaera leun eta metaforaz betetako sermoien atzean buru eta, are arriskutsuagoa dena, helburu ondo argiak.

Ez da kasualitatea Alcalako apezpikuak «Autenticidad de la mujeres: redescubriendo la vida en el hogar» ikasgaia erakustea Familien Mundu Mailako IV. Biltzarrean. Familia eredu tradizionala berreskuratzea erronka da momentu honetan. Baina ez fatxa kuadrilla hutsa direlako edo Seccion Femenina zelakoaren sasoia nostalgiaz gogoratzen dutelako. Erronka hori zuzen loturik dago eredu ekonomiko eta sozialaren eraldaketarekin.

Zaintza arazo larri bihurtu da. Aurreko belaunaldietan umeak, nagusiak eta menpekotasunak zituzten senideak emakumeek zaintzen zituzten, baina lan merkatura salto egin izanak hori guztia kolokan jarri zuen (nahiz eta oraindik geu garen familietako zaintzaile nagusiak). Hala, dauden zerbitzu apurrak pribatizatu eta urritzen badira, emakumeon ardura nagusia lan erreproduktiboa izatea behar dute berriro ere.

Baina lan «erreproduktiboa» gure ardura nagusia izateak ez du esan nahi lan produktibotik botako gaituztenik. Soldata bakarra ez da nahikoa familia batentzat eta etxetik kanpo lan egiteko ere behar gaituzte, gizonena baino merkeagoa den eskulan moduan, baina.

Helburu bi lortu nahi dituzte. Alde batetik, lanik prekarioenak geuk hartzea. Familia tradizionalaren ereduan emakumearen soldata gizonarenaren osagarri hutsa da. Beraz, «ematen» diguten apurra nahikoa, eta gu eskertuak. Eta bestetik, lan merkatua are gehiago desregularizatzea. Ez da berria, emakumeok lan merkatura sartu bezain pronto, lan merkatu hori desregularizatzeko aproposak izan gintezkeela erabaki zuten. Enpleguak duintasun minimoak galtzen dituenean, mundu guztiarentzat galtzen ditu, emakume zein gizonentzat.

Esan bezala, ez da kasualitatea eta ez dira apezpiku baten xelebrekeriak...

Ezin dut Osasunako presidentea, Patxi Izco, aipatu gabe utzi. Emakumeen futbola antiestetikoa ei da morroi honentzat eta emakumeon «propioagoak» diren beste kirol asko badaudela gogoratzen digu; seguruenik lisatzea, hautsa kentzea edota harrikoa egitea... Aipatutako Sección Femenina hartan «Don Melitón tenía tres gatos» kantatzeaz gain, etxeko lanak egitea «lirain egoteko» modurik egokiena zela ere erakusten zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo