Buruz Buruko txapelketa
Atzerapenak tarteko, segida topatu ezinik
Finalerdietan arituko diren lau pilotarienak batuta zazpi partida baino ez dituzte jokatu maiatzean, eta horietako lau baino ez dira txapelketakoak izan.
Jon ORMAZABAL
Aurtengoan ere ez. Aurkezpen egunean 2012. urteko Buruz Burukoa sekula baino trinkoagoa, motzagoa eta konprimituagoa izango zela iragarri ziguten arren, txapelketan zehar izandako ezbeharrek urteko lehiaketarik garrantzitsuena behar lukeena kili-kolo utzi dute, halako lehia batek behar duen jarraitutasunik gabe. Hala, atzerapenek eraginda-edo, zaleen artean ez da aurreko urteetako ikusmina antzematen eta, okerragoa izan daitekeena, pilotariak eurak ere txapelketan behar bezala sartzeko zailtasunak izaten ari dira.
Mikel Beroizek lehen partida jokatzeari uko egin eta aurrekanporaketan partida galdu zuen Beginok bere lekua hartu zuenean, txapelketa hanka-motz hasi zela esan daiteke eta hortik aurrera bidea zuzendu ezinik aritu dela. Pentsa, orain arte iragarrita zeuden 12 partidetatik 11 jokatu dira, Xala txapeldunak Martinez de Irujoren aurka jokatu beharrekoari uko egin behar izan zion lunbalgiak jota zegoelako, eta hiru atzerapen onartu dira, Lekuinekoak berak gripea dela-eta eskatutakoa eta Aimar Olaizolak, eskuin besoan dituen arazoak direla medio, eskatutako biak.
Ukaezina da gorabehera horiek guztiek ez diotela batere mesederik egiten ikusleentzat jada gainbeheran zegoen modalitate bati, baina kontuan izan behar da pilotariak eurak direla ziur asko kaltetuenak, ia ezinezkoa baita txapelketari erritmoa hartzea horrenbeste gorabeherarekin.
Partida bakarra hilean
Finalerdiak jokatuko dituzten lau pilotariak kontuan hartzen baditugu, maiatzean zehar bakoitzak txapelketako partida bakarra jokatu du, Irujok Barriolari irabazitakoa (13an), Idoatek Asier Olaizolari irabazitakoa (19an), Oinatz Bengoetxeak Gonzalezi irabazitakoa (18an) eta Aimar Olaizolak Julen Retegiren aurka iragan igandean jokatutakoa.
Prestakuntzarako egokiena izan ez daitekeen arren, partidarik gabeko denbora tarte luze hauek ez dira pilotari batzuen gustukoak eta Martinez de Irujok, Xalarekin izandako bi ezbeharretan, enpresari binakako partida jokatzeko eskatu zion eta azken bi asteetan lehiaketatik kanpoko bi partida jokatu ditu, «desenkantxatuta» geratzeko beldurrez.
Hasiera batean, Asegarcen ez ziren Oinatz Bengoetxeak binaka jokatzearen oso aldekoak, baina Aimar Olaizolaren aurkako finalerdia beste astebetez atzeratu denez, azkenean larunbat honetan Labriten programatu dute. Leitzarraren kasua oso muturrekoa da; izan ere, martxoaren 25ean binakako lehiaketatik at geratu zenetik, bi partida baino ez baititu jokatu; maiatzaren 5ean binaka Tolosan eta Hendaian Gonzalezen aurka jokatutako buruz burukoa.
Udaren hasierarekin, gauzek sekulako iraulia izan dezakete hurrengo asteetan. Izan ere, oraindik ez dago argi finala astebete atzeratuko den, sanjoanekin bat egingo lukeelako, eta posible da finalerdia eta finalaren artean astebeteko epea baino ez egotea, enpresek jaialdi gehiago saldu ahal izateko.
Promozioko Txapelketa ere ez da arazo fisikoek eragindako kalteez libratzen eta gaurko material aukeraketan erabakiko du Joseba Ezkurdiak igandeko Untoriaren aurkako finalerdia jokatzeko moduan dagoen ala ez.
Arbizukoak orkatilan haustura txiki bat egin zuen orain aste batzuk entrenatzen ari zela, eta horrek finalerdia atzeratzera eraman zuen. Badirudi bere eskuineko oina askoz ere hobeto duela; asteartean Idoaterekin entrenamendu gogor bat egin zuen Astelenan bertan eta oso gustura amaitu zuen, baina erabat ziur egoteko, gaur beste proba bat egin nahi du baiezkoa eman aurretik. J.O.
Orain arte jokatu behar ziren 12 partidetatik 11 jokatu dira, Beroizek eta Xalak jokatzeari uko egin diote eta hiru atzerapen izan dira; hau da, hiru partidatatik behin baino gehiagotan arazoak izan dira.
Oraindik ez dago argi finala astebete atzeratuko den eta posible da Olaizola II.a eta Bengoetxea VI.aren arteko irabazleak astebete izatea finala prestatzeko. Izan ere, finala astebete atzeratuz gero, San Joan egunean jokatu beharko litzateke.