GARA > Idatzia > Kultura

Irati JIMENEZ | Idazlea

Diru-pilota

 

Zera dirudi: maiatzaren bukaerarako abuztua izerdi taupada bakarrean loratu dela. Gure katu lodiak, berotuta, ilea galtzeari ekin dio. Ez dakit freskatu den, baina leunago dago eta bart, sofara etorri zenean, eskertu nuen haren laztana. Filmaren bat ikusteko gogoz, «Moneyball» jarri, eta hantxe egon ginen, bi orduz, beisbol jokoari buruzko kontuekin. Katua lo, lehoien dokumentalak soilik gustatzen zaizkio eta.

Apenas dakizkit beisbolaren arauak eta, beraz, nekez uler nitzakeen txapelketak irabazteko metodo berritzailea asmatu zuen entrenatzaileak esaten zituenak. Entrenatzailea Brad Pitt zelako ikusi nuen filma bukaera arte, beharbada. Edertasunaren zirraragatik. Gidoilarien artean Aaron Sorkin jeniala egoteak ez zuen kalterik egingo, istorio guztiak baitira tokiko, idazle finak tokiaren azalari unibertsaltasunaren ura ateratzen badio. Kultur industriaren kateak berak izango zuen zeresana, duda gabe. Aspaldi naiz Columbia Pictures eta antzekoen merkaturatze katearen begia. Aspaldi bihurtu ninduen etxeko telebistak AEBetako hiritar ez, baina bai kontsumitzaile, bereziki western filmetatik bereganatu nuen kolonialismo mitologikoari esker.

Gurean, jakina, halakorik nekez. Kultur industrien ia kate osoan euskaldunok estralurtarrak gara: haiek ez gaituzte maite eta guri, onar dezagun, ez zaizkigu gustatzen. Nekez irudikatzen dut New Jerseyko neskato bat, katua altzoan, ingelesezko azpitituluekin «Diru-pilota» ikusten. Are gehiago: nekez irudikatzen dut neure burua Aspeko kudeatzaileei buruzko istorioak ikusten. Geure mitologien kolono izatea falta zaigu, akaso.

Aaron Sorkin batzuk, Columbia Records bat. Eta Brad Pitt, ahal dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo