Etxebizitza zaharrak erosteko %0-ko mailegua indarrean da
A.B. |
Soldata txikiko familiek eraiki berri diren etxebizitzak erosi ahal izateko, frantses Estatuak %0ko interesdun mailegua bultzatu zuen duela zenbait urte. Horren osagarri gisa, Pirinio Atlantikoen Departamenduko Kontseilu Nagusiak «Lehen giltza: 64» izeneko ekimena bultzatu du.
Herritar orok etxebizitzaren jabetza izateko eskubidearen printzipioari eutsi nahian, ekimen horren bidez, eraikin berriei egokitzen zitzaien mailegua etxebizitza zaharretarako ere ireki nahi dute.
«Familia asko etxebizitzaren merkatutik baztertuak dira gaur egun indarrean dauden prezioak sobera gora baitira», esan zuen Christophe Martin kontseilari nagusiak.
Lehen aldikoz etxebizitza lortu nahi dutenei zuzendua den %0ko interesdun mailegua soldata txikiko familia edo lagunei zuzendua da, beraz.
«2005. eta 2008. urteen artean etxebizitzak lortzeko dispositiboak anitzak izan dira. Horiei esker, Pirinio Atlantikoen Departamenduan, jabeak %71ra heldu dira», txalotu zuen, bere aldetik, Kotte Ezenarro Kontseilu Nagusiko lehendakariordeak.
Baldintzak
%0ko mailegua eskuratzeko baldintzak jarriak ditu Kontseilu Nagusiak. Lehen jabetza eta soldata apaleko pertsonak izateaz gain, soilik 40 urtetik behetiko herritarrentzat zabaldu dute aukera.
Etxebizitzak ere zenbait baldintza bete behar ditu ekimen horren barne izateko. Gutxienik duela bost urte eraikitako etxebizitza izan behar du, eta, prezioak ez du metro karratuko 2.658 euro gainditu behar.
«Lehen gakoa: 64» ekimena abian jartzeko, hitzarmen bat izenpetu zuten Kontseilu Nagusiko ordezkariek.
%0ko mailegua indarrean jartzeko Credit Mutuel, Credit Agricole, Credit Foncier eta Credit Immobilier de France lau kreditu banketxeekin hitzarmena egin zuten.
Banketxeak %0ko maileguak proposatzeko orduan baldintzak errespetatzera engaiatu dira.