Joseba Butron | Irakaslea
Zestoako herritik dator notizia
Zekorketei buruz Zestoan egin berri den galdeketaren harira, zezen edo zekorrez gain gipuzkoar herriaren izena ere bueltaka ibili da egun batzuetan. Gure egunkariek Zestoa idatzi dute; hangoek, ordea, Cestona. Eta, hori dela-eta kexaren bat ere irakurri ahal izan dugu, esanez ezen Cestona idazten dutela, hemengo izen ofiziala Zestoa izanik!
Ordea, nire iritzian, zeharo tronpatzea da horrelako ikuspuntu bati eustea, haiek ez baitute zertan idatzi guk euskaraz -eta EAE delakoan ofizialki- idazten dugun moduan. Errakuntzaren sakontasuna hobeto azaltzeko, adibide larriago bat jarriko dut. EAJ-PNVko Madrileko diputatuek, ekin eta ekin, urteetan, azkenean lortu zuten «gure probintzien» (sic) izenak hango Buleti- nean, hots, Espainiako izendegi ofizialean, euskaraz idatz zitezela: Bizkaia, Gipuzkoa, Araba -eta ez Vizcaya, Guipúzcoa edo Álava-. Lorpen edo garaipen handitzat ospatu zuten, eta harro-harro aldarrikatzen dute beraiena dela garaikurra.
Ordea, harrigarria da horrek zelako inplikazioak dituen.
Bat: ezin ulertuzkoa da zelan onartu duten espainiarrek gaztelaniaz beraiek beste modu batean idazten -izendatzen- dituzten lurralde batzuen izenak «besteek» nahi duten bezala ofizialki jasotzea, hots, euskal herritarrok nahi dugun moduan jasotzea. Jokabide berbera aplikatuz gero, guk euskaraz ezingo genuke idatzi Madril edo Bartzelona edo Florentzia edo Mosku edo Britainia Handia edo... Barkatu, baina hizkuntza eta nazio desberdinek -estatuek- besteen izenak beren erara idazteko eskubidea dute. Beraz, ondorio moduan esan dezakegu espainiarrek, modu zentzugabean, amore eman dutela «beste espainiar horien» -berdin katalan edo gailegoen kasuan- apetak edo bitxikeriak jasateko. Badakizu -pentsatzen dute-, «Una»-ren izenean batzuetan horrelako tentelkeriak ere agoantatu behar!
Bi: hori defendatzen ibili diren diputatu ustez nazionalisten ikuspuntu kamutsa eta baldarra agerian geratzen da. Gaztanberak ez du hezurrik dio kanta zaharrak, hots, ez du barnerik, ez du tinkotasunik; bluf bat, tankera modernoagoan esatearren. Izan ere, ikuspuntu horrekin lortzen den gauza bakarra da «haien» sisteman ondo integratzea, denok Espainia eta espainolak garela bermatzea. Kasurako, Anasagastik esaten duenean bezala, «Tenemos una monarquía que no nos la merecemos». Ba, ondo, berak eta bere boto emaileek edukiko du monarkia bat, espainiar monarken subdito -menpeko- sentitzen diren neurrian; euskal abertzaleok, ostera, ez daukagu monarkarik, eta berdin digu hartz mozkortuak edo elefanteak ehizatzen ibiltzen den, pentsatzen baitugu hori espainiarren arazoa dela, ez gurea. Anasagastik eta konpainiak, baina, euskal nazionalistak direla aldarrikatzen dute ozenki. Hamaika ikusteko eta entzuteko jaio garenez gero, Tximinoa zenbat eta gorago...
Hortaz, argi dagoela uste dut ez dela berdin han eta hemen: ikuspuntu eta printzipio arazoa da. Salbu eta hura eta hau gauza berbera direla onartzen bada, alegia, haiek eta gu nazio bereko herritarrak garela pentsatzen bada. Euskaraz bizi garenean zailagoa egiten da oinarri edo printzipio horiek nahastea, baina ez da ezinezkoa. Hizkuntza eta kontzientzia ez dira batera beti ibiltzen. Batzuek, txisteetan bezala, naturaltasunez uztartzen dituzte kontraesanak. Adibidez, nafar hark etxeko atera etorri zitzaizkion Jehovaren lekukoei erantzun ziena: «Ez dut sinesten ezta erlijio katolikoan, zeina berdaderoa baita, eta zuei egingo dizuet kasu! Ale hortik!». Beste batzuetan, agian, lapsusak izango dira, «Gernika Gernikara» ekimenaren testuinguruan alkateak esandakoa kasurako: «New Yorketik Madrilera ekarri bazuten zergatik ezin da mugitu Gernikara?», argudiatu zuen kameren aurrean. Ekarri ala eraman? Hona ekarri zuten (Madrilera) ala hara eraman zuten? Edo, agian ez da lapsusa, eta Metxari, nobelan, azkaindar pilotazalearekin gertaturikoa bezala da, lekukotasun barregarria bezain min emangarria.
Beste kontu bat da zer gertatzen den izenen dikotomiarekin gurea bezalako lurralde eleanitzean. Bestela esanda, zelan idatzi behar dituzte hemengo herrien izenak-eta hemengo egun- kariek? Argi dago: gaztelaniaz izan arren, hemengoak badira -hemengo subentzioak...-, eta hemengo komunitateari zuzenduak badira, hemengo izen ofiziala erabili beharko dute -Alemanian baleude, hango izen ofizialak erabiliko lituzketen moduan-. Espainia aldeko egunkariek, berriz, gaztelaniazko tradizioaren arabera idatzi beharko edo ahalko lukete, zalantza barik. Kasurako, Vocento taldeko «Diario Vasco»-k Zestoa idatzi beharko luke, hemendik hemengo komunitateari zuzentzen zaiolako; baina talde bereko «ABC» egunkari madrildarrak Cestona idazteko eskubide osoa du. Horregatik, barregarria gertatzen da hangoek «ofizialki» Gipuzkoa eta abar idatzi beharra. Eta, horregatik, iraingarria gertatzen da hemengoek Guipúzcoa eta abar idaztea.
Ikuspuntua osatzearren esan dezagun, pertsona izenak ere, berdinak izan arren, lekuan-lekuan desberdinak direla. Alegia, gure Mikel izena, beste leku batean Miguel dela, edo Miquel, edo Michel, edo Michael, edo Mikhail, edo «Maikel», edo... Baina izen horretako pertsona bakoitza bera deitzen den moduan deitzen da, eta ez tontolapiko batek egin dezakeen «itzulpenaren» arabera, esanez «¡Pero si es lo mismo!». Bada, berdin izango da, baina ez da gauza bera. Errespetua da tartean.
Eta, ildo beretik, gure zapaltzaile frantsesak ere libre ez uztearren, esan dezadan Frantziako mapa frantsesetan La Rhune idatzi nahi badute, idaztea daukatela. Baina Lapurdin, Ipar Euskal Herrian, milaka turista trenez jasotzen dituen euskal mendiaren izena Larrun delarik -etimologiaz, Larre gune-, Ipar Euskal Herri osoko seinalizazioan, errespetu minimo bat balute, ez lukete La Rhune inon jarriko; ezpada frantsesezko azalpen orrietan edo gida turistikoetan. Baina, jakina, gure iparreko demokrata horiei ere errespetua eskatzea gehiegi izango da.
Baina, zorionak Zestoan bezala demokrazia parte-hartzailea bultzatzen dutenei eta parte hartzen duten guztiei, noski.