GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Gure urgentziak

 

Ezkerrak aukera handia du hauteskunde hauen ondotik frantses legebiltzarraren bereganatzeko. Aukera handia nahi duen politikaren eramateko, Senatua bere esku dagoelako. Ezkerreko politika erabaki lezake, gaur egun Estatu frantsesak dituen arazo nagusiei aurre egiteko bidea zabalik luke. Erran nahi baitu etxebizitzarik gabe daudenei teilatu baten ematea, hutsik dauden etxeak bereganatuz eta alokairu duin bat inposatuz. Oinarrizko apairuak segurtatzea eskola guztietan prezio baxuan edo kitorik eskolara joaten diren ume guztientzat, haur guztien osasuna zainduz. Osasun publikoak bere nortasuna berreskuratzeko ildoa ireki lezake eta pertsona bakoitzari osasuntsu bizitzeko posibilitatea eman. Eri dagoenari artatua izateko eskubidea itzul liezaioke. Garraio publikoari bultzada berria eman liezaioke, prezioak kontrolatuz; autobideen nazionalizatzea ere erabaki lezake, hau baita oraindik diru iturri ikaragarria, duela urte batzuk pribatizatu zutena. Ezkerrak horrelako ideiak eta beste gehiago baditu bizi baldintza txarretan daudenen laguntzeko. Hauteskunde hauek irabazten baditu, aukera izanen du. Alderdi sozialistaren ezker aldean dauden alderdiak azkarrak ateratzen badira presio zerbait sentituko du, benetako ezkerreko politikaren alde.

Egia errateko zenbait elementuk ez dute alaitasun itzela bultzatzen. Izan ere, azken egun hauetan Moscovici finantza ministroa, sozialista, oso pozik agertu da Espainiak hartu dituen neurriengatik krisitik ateratzeko. Sozialista izanik ez da erraz ulertzen nondik heldu zaion poztasun hori Madrilgo gobernua langileen eskubideak murriztuz joan dela jakinda. Valls ministroak euskal gatazkari buruz ez du deus onik erran oraindik; eta bukatzeko, Palestinari boz bakarra falta baldin bazaio ONUn onartua izateko, ez du ematen frantses Estatuak horren alde bozkatuko duenik.

Hollanden garaipenak esperantza berria piztu du, Europan eskuineko politikak bazterrak lehertzen ari baitira, deus gutxi baitute parean. Sozialistek, iruzur, huts egiten badute, politikan profesionalak diren horientzat hilobien irekitzea ekar lezake, edo herritarrentzat politikaz paso egitea. Herritarrek politikaz paso egiten dutelarik, espazioa beste batzuek okupatzen ohi dute, horiek gehienetan eskuin muturrekoak direlarik. Grezian, Atenasen, besteak beste, talde neonazi batek karriketan ibiltzen diren etorkinak egurtzen ditu, etxe okupatuak husten ditu; herritarrek ez dute polizia deitzen lan horren egiteko. Etorkinen bizkar, eskuin muturreko taldeak indartzen saiatzen dira. Alta, edozein egunetan edozein bihur daiteke etorkin. Ekonomiaren egoerak etxea uztera bultzatzen ditu herritar asko, gure herri txikietan fenomenoa oraindik ikusten ez badugu ere.

Gure herriak etxekoak uztearen bizipena ezaguna du; ez bakarrik ekonomiarengatik, politikarengatik ere bai. Asko gertatu dira kanpotar herri ezezagunetan, oraindik gorderik daude asko, sobera. Asteburu honetako Iheslarien Egunak gogoratu nahi izan du hor gaindi jende asko dagoela, herrira itzultzeko zain. Gutxitan aipatzen dira. Familia dute. Utzi duten hutsa itzela da, isiltasunez inguratua. Arazo guztien gainetik gure urgentzia dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo