Zeharkaldia
Azkorbebeitia eta Karrera azkarrenak izan dira
Hiru Handiak iraupen luzeko ibilaldia amaitzea erdietsi zuten 850 lagunek. XVIII. ekitaldiko lasterkarien artean azkarrenak Oihana Azorbebeitia eta Iker Karrera izan dira; biek ala biek errekorrak ondu dituzte.
Andoni ARABAOLAZA
Gasteizko Manuel Iradier elkarteak antolatzen duen Hiru Handiak iraupen luzeko ibilaldiak ez du aurkezpenik behar. Aizkorri, Anboto eta Gorbeia mendiak lotzen dituen martxak XVIII. ekitaldia bete du, eta horrek dena esaten du. Ekainaren 2an, gauerdiak jo zuenean, 1.500 mendizale eta lasterkari inguru irteera puntutik abiatu ziren; Arabako Ondategitik, hain zuzen ere.
Parte hartzaileek jakin bazekiten aurretik 100 kilometroko ibilbidea eta 10.000 metroko desnibelari egin beharko ziotela aurre; jakina, zeharkaldia egiteko 24 orduko epea zuten «soilik». Beste era batera esanda, Aizkorri, Anboto eta Gorbeia mendiak lotu eta Araiara iristeko egun bateko epea zuten. Batzuek soberan izan zuten; beste batzuek, ordea, ez.
1.500 mendizale eta korrikalari horietatik 840 helmugara iritsi ziren; horietarik 792 gizonezko eta 48 emakumezko. Batzuk ez ziren irteera puntuan aurkeztu, beste batzuek abandonatu zuten, eta izan zen denboraz kanpo iritsi zenik ere. Aurreratu dugun bezala, gauerdian irten ziren, baina, gaua izan arren, tenperatura goitik zegoen. Egun argitan, berriz, termometroak gora egin zuen, eta, horrela bada, parte hartzaileek majo sufritu zuten sargoriarekin.
Korrika
2006. urtetik aurrera, Gasteizko elkarteak martxistak eta korrikalariak bat egitea erabaki zuen. Beste ekitaldi batzuetan ez bezala, lasterkariek denbora ofiziala izango zuten.
Aurtengoan askok erabaki zuten 100 kilometroko zeharkaldi hori korrikan egitea. Eta, hori gutxi balitz bezala, denbora onenak ontzera aterako zenik ere bazen. Eta hala gertatu zen.
Mutiletan, batez ere, goi mailako espezialistak aurkeztu ziren. Irabazteaz gain, Joxelu Albizuriren marka (11 ordu eta 57 minutu) «hausteko» helburuarekin irten ziren. Horietako bat Iker Karrera dugu. Eta amezketarrak lortu zuen; ez zen ezustekoa izan. Irteera indartsua egin zuen, eta lasai asko esan dezakegu ibilbide ia gehiena bakarrik egin zuela; seigarren kilometrotik aurrera lasterketa buru izan zen. 10 ordu eta 23 minutuko denbora egin zuen, Albizuriren marka gogor astinduz. Bigarren sailkatua Javi Dominguez izan zen, 11.27 denborarekin; eta hirugarrena, Zigor Iturrieta, 12.02 denborarekin.
Nesketan, berriz, Oihana Azkorbebeitiak azken ekitaldian lortutako garaipena errepikatu zuen. Gainera, 13 ordu eta 37 minutuko denborarekin bere marka hobetu zuen; aurrekoa, 14 ordu eta 47 minutukoa zen. Hamar minutura soilik helmugaratu zen bigarren sailkatua: Nerea Amilibia. Eta hirugarren postua Ainhoa Triguerosentzat izan zen, 15 ordu eta 13 minutuko denborarekin.
Horixe izan zen parte hartzaileen kopurua. Alabaina, 840 helmugaratu ziren, aurretik 100 kilometro eta 10.000 metroko desnibela zituen zeharkaldia egin ondoren.
Oihana Azkorbebeitiak azken ekitaldian eginiko denbora ondu egin zuen. Mutiletan, Iker Karrerak zeharkaldiaren marka berria ezarri zuen: 10 ordu eta 23 minutu.