LEHIAKETAK | Gipuzkoako Txapelketa
Axier Muniain, bi txapel eta bi kiloko lupia ederra
Aste batean arratsaldean itsasbehera izaten da, eta bestean berriz, itsasgora. Arratsaldean itsasgora denean, marea biziak izaten dira eta Euskal Herriko leku askotan itsasoak hondartza guztiz estaltzen du. Itsasaldi taula betekin, egun horiek noiz diren jakin dezakegu. Zarauztarrak Gipuzkoako txapela eskuratu eta bi kiloko lupia atzeman zuen.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Olatuak txikiak izan ziren, parte hartzea ere eskasa, baina eguraldiak lagundu zuen eta giro ona izan zen lehiakideen artean. Txapelketa osoa egun bakar batean burutu zen, igandean bertan. Goizean ipar-ekialdeko haizea nahiko bihurria izan zen, baina arratsalde aldera haizea leundu eta marea jaisten ari zela olatuak zertxobait hobeak izan ziren.
Hiru kategoria bakarrik egin zituzten, Master, Open eta Senior. Kategoria nagusian, adin guztiei irekia den Open kategorian, hamasei lehiakidek bakarrik hartu zuten parte. Irabazlea Axi Muniain zarauztarra izan zen; eta Imanol Yeregi zumaiarrak, berriz, bigarren postua eskuratu zuen. Hirugarren eta laugarren postuak Alex Iriondo zarauztar eta Manex Bikuña getariarrarentzat izan ziren.
Master kategorian, 35 urtetik gorako kategorian alegia, zortzi lehiakidek eman zuten izena; beraz, finalerdietatik abiatu ziren eta txapela Ibon Amatriain zarauztarrak eskuratu zuen. Bere atzetik tarte oso txikiarekin, Ibon Udabe getariarra geratu zen.
Senior kategorian (28-35 urte) berriz, zuzenean finala egin zuten; izan ere, bi lehiakide baino ez zeuden. Gauzak honela, lehen postua Axi Muniainek eskuratu zuen eta bigarren postua berriz, Ugutz Karrera azpeitiarrak.
Axier Muniainek beraz, bi txapel irabazi zituen, Open kategoriakoa eta baita Senior kategoriakoa ere. Baina olatu gainean bakarrik ez, arrantzan ere oso trebea dela erakutsi zuen.
Seniorreko finala egiten ari zela lupia eder bat ikusi zuen zarauztarrak. Berau handia zela eta ondorioz motel zebilela ikusita, lehiakideek eraman ohi duten txapelketako likra bereizgarria erantzi eta honekin arrain preziatua harrapatzeari ekin zion, eta bai lortu ere.
Muniainek beraz, txapelketan irabazitako bi txapelez gain, afaltzeko lupia fresko-freskoa eraman zuen etxera.