GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Sara Montiel bezala

 

p052_f02.jpg

Haritz Larrañaga

Gero eta gazteagoak omen gara. Bai, gero eta beranduago zahartzen omen gara. Egun berrogei urteko gurasoak «guraso gazteak» omen dira eta gaztaroa pare bat hamarkada luzatu omen da. Egun, 45 urteko norbait, esaterako, gaztea dela esan ohi da, ume izaten jarraitzen duela ez esatearren edo. Txantxa dirudi, baina ez, jendeak serio hitz egiten du.

Ez naiz bere burua engainatzeko gazte sentitzen direla edo gaztetasuna norberaren espirituan dagoela eta antzerako txorakeriak esaten dituztenen sasi argudioei kontra egiten hasiko. Ez noa gustura dagoena xirikatzera. Gaztetasunaren afera metafisikoa alde batera utzi eta maila biologikoan aldaketak egon direla frogatzera noa.

Munduko surf lehiaketetan parte hartzen duten eta emaitza onak lortzen dituzten surflarien adinak gora egin du. Alegia, lehiaketarako sasoia luzatu egin da. Lehen 30 urteko lehiakidea zaharra zela esaten zen; egun, ordea, 30 urteko lehiakide bat bere onenean egon daiteke. Lehiakide profesional baten karrera ikaragarri luzatu da, beraz.

Kelly Slaterrek, 36 urte zituela, munduko titulua bosgarren aldiz irabazi zuen. Beste inork egin ez zuena egitea lortu zuen, munduko txapela bost bider irabazi eta bide batez, adin muga aldatzen ari zela frogatu zuen.

Urte bat beranduago, eta arrazoi desberdinak medio, denboraldi luze batean itzalpean egon ostean, Mark Occhilupo australiarrak, 33 urte zituela, munduko titulua irabazi zuen, eta garaipen horrek sekulako eragina izan zuen. Izan ere, Kelly Slaterrengandik edozer espero zitekeen edo hobeto esanda espero daiteke. Egun 40 urte ditu, hamaika bider irabazi du munduko txapela, eta oraindik goi mailan dago. Baina Kelly ez zen beste norbaitek 33 urterekin munduko koroa irabazteak alarma guztiak piztu zituen.

Ordutik adibide ugari izan dira eta ondorioz erakunde desberdinek zenbait erabaki hartu behar izan dituzte. Senior kategoria ezabatzea izan da adin mugaren eztabaidak ekarri duen ondorioetako bat. Egun, gurean oraindik ezabatu ez bada ere, mundu mailako itzulietan jada ez dago 28 eta 35 urte bitarteko kategoriarik. Eta hori bakarrik ez, Master kategorian parte hartzeko adina 10 urte atzeratu dute. Hau da, Master kategoria, edo «zaharren kategoria», 45 urtetik gorakoentzat da. Izan ere, kategoria irekian, lehen mailan dauden lehiakideen artean, gero eta gehiago dira 30 urtetik gorakoak, baita 40 urtetik gorakoak ere.

Beraz, surflari zaharrak aurrerantzean 45 urtetik gorakoak izango dira, eta bitartean ez dago adina aitzakia gisa erabiltzerik. Beraz, a ze nolako putada egin diguten nerabezarotik zuzenean zaharren klubean sartzeko asmotan genbiltzanoi. Longboardak itxaron beharko du, baita urautsiko errespetu statusak ere, eta taula txikiak, gure bizkarrezurra zigortzen jarraituko du. Baina hori bai, gazteak garela esaten jarraitu ahal izango dugu, Sara Montielek bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo