GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Itsasaldi taula Itsasoak hondartza noiz estaliko duen jakiteko ezinbesteko tresna

Aste batean arratsaldean itsasbehera izaten da, eta bestean berriz, itsasgora. Arratsaldean itsasgora denean, marea biziak izaten dira eta Euskal Herriko leku askotan itsasoak hondartza guztiz estaltzen du. Itsasaldi taula betekin, egun horiek noiz diren jakin dezakegu.

p052_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Hurrengo hiru edo lau egunetan zer-nolako olatuak izango diren asmatzea posible da, itsaski eta eguraldi iragarpenak ongi irakurtzen jakinez gero. Hortik aurrera, ordea, epe luzera izan daitezkeen itsaskien berri izatea ezinezkoa da.

Olatuak izanez gero, leku bakoitzari dagokion marea egokia zein den jakitea, ordea, posible da. Alegia, hondartzak ezagutzen baditugu, itsasaldien arabera olatuak nolakoak izan ohi diren jakin dezakegu.

Leku batzuetan marea erdian dagoenean bakarrik izan ohi dira olatu onak; besteetan bi metro baino altuera handiagoa duten olatuak direnean soilik egin daiteke surf; eta beste batzuetan, berriz, marea goian denean ez da batere momentu egokia surf egiteko.

Leku bakoitzak beraz, bere ezaugarriak ditu, eta ondorioz, itsasaldien arabera, olatuak hobeak edo okerragoak izango dira. Ez dago leku guztientzat egokia den itsasaldirik, batzuetan marea goian izan daiteke itsasaldi egokiena surf egiteko; eta besteetan, berriz, marea behean denean.

Itsasaldi taula batekin, urteko edozein egunetan itsasaldiak zein ordutan diren eta itsasoa zenbat metro igo edo jaisten den jakin dezakegu. Beraz, epe luzera olatuak izango diren ez dakigun arren, olatuak izatekotan zein ordutan itsasora gaitezkeen jakiteko aukera badago.

Udan itsaskiak txikiak izan ohi dira. Ez dira asko olatu handiak izaten diren egunak, eta itsaskiak direnean gainera egun gutxi irauten dute. Olatuak txikiak direnean eta marea oso goian dagoenean, Euskal Herriko hondartza gehienetan, ez da surf egiteko momentu egokia izaten.

Gainera, marea biziak badira, itsasoak hondartza guztiz estaltzen du kasu askotan, eta eguzkia hartzeko lekurik ere ez da izaten. Hau noiz gerta daitekeen aurrez jakin daiteke, itsasaldi taula batean begiratuta.

Bi baldintza bete behar dira itsasoak hondartza guztiz estaltzeko; lehena, marea goian izatea; eta bigarrena berriz, marea biziak izatea. Eta bi baldintza hauek, gure kostaldean, beti arratsaldez bat egiten dute.

Gure kostaldean asko dira marea biziekin itsasgoran hondartzarik gabe geratzen diren lekuak, eta hondartza guztiz estaltzen ez den leku gehienetan ere, olatuak txikiak badira, ez da surf egiteko une egokia. Batez ere, hasiberrientzat, olatuak hondartzatik oso gertu lehertzen baitira eta ez dute ia ibilbiderik.

Aste honetan, esaterako, marea hilak dira, ez da arazorik; baina hurrengo astean, marea biziak izango dira, eta arratsaldean izango da marea goian, beraz hurrengo astea ez da izango egokia arratsaldean hondartzara joateko.

Esaterako, uztailean zein astetan izango dira marea biziak? Itsasaldi taulan begiratuz, uztaileko lehen eta hirugarren astean marea biziak izango direla ikusiko dugu. Beraz, bi aste horietan, arratsaldez baldintza txarrak izango direla jada badakigu.

Bestalde, goizean beti izango dira baldintza egokiak itsasaldiei dagokienean. Izan ere, goizean marea goian izaten den egunetan, marea hilak izaten dira, eta marea ez da asko igotzen. Mareak hondartza guztiz estaltzen duen leku horietako bat hautatu eta goizean guztiz estalita inoiz ez dagoela ikusiko duzue.

Aste batean, marea hilak izaten dira, eta ondorengo astean, berriz, marea biziak. Hortaz, hilero bi astetan marea biziak izaten dira eta beste bi astetan marea hilak. Aste batean goizean izaten da marea goian, eta hurrengoan berriz, arratsaldean, eta horrela etengabe.

Marea hilak direnean, itsasaldiak nahiko motelak izaten dira; itsasgoran marea ez da hainbeste igotzen eta itsasbeheran ere ez da asko jaisten. Marea biziak direnean, ostera, itsasgora denean marea asko igotzen da eta itsasbeheran asko jaisten da.

Kontuan hartu beharreko beste gauza bat zera da, egunero bi bider izaten dela itsasgora eta beste bi bider itsasbehera. Batetik bestera sei orduko tartea izaten da eta egunero ia ordubeteko atzerapena gertatzen da. Horrela, gaur itsasgora goizeko zortzietan izan bada, bihar, 09.00etan izango da marea goian. Hau ez da oso zehatza, baina gutxi gorabeherako kalkulua egiteko balioko digu.

Marea hilak edo biziak izateak ez dauka inongo zerikusirik olatuen altuerarekin, itsasaldien koefizientean bakarrik eragiten du eta arrazoia ilargiaren kokalekua izan ohi da. Ilargi betea edo ilargi hutsa denean, alegia, ilbetean edo ilberrian, marea biziak izaten dira, eta ilbeheran eta ilgoran, berriz, marea hilak.

Koefizientea aldatu egiten da urte sasoiaren arabera, batzuetan marea biziak beste batzuetan baino biziagoak dira eta alderantziz. Marea hilekin ere berdin gertatzen da; batzuetan besteetan baino motelagoak izan daitezke. Koefizientea altua denean eta, ondorioz, marea asko igotzen denean, olatuak oso handiak badira, txikizioak eragin ditzake kostaldean. Horrelakoetan atera ohi dira pasealekuen kontra eztanda egiten duten olatuen irudi zoragarriak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo