«FinnSurf» eta «It's Not About the Waves» izan dira Surfilm jaialdiko onenak
GARA | DONOSTIA
Surfilm jaialdia atzo gauean bukatu zen, epaimahaiaren sariekin. Film luzerik onena «FinnSurf» finlandiarra izan zen, Aleksi Raij-ena, Ted Endo kazetariak, Isabel Herguera zinemagileak, Borja Irastorza surflariak, Adur Letamendia Pukas-eko marketin arduradunak eta Thibau Paruite «Spoe» diseinatzaileak osatutako epaimahaiaren iritziz. Film laburrik onena, aldiz, Kepa Aceroren «It's Not About the Waves» aukeratu zuten.
Ingurumenari buruzko film laburrik hoberena «El mar, mi alma» hautatu zuten, Steve Jones eta Tatiana Velascorena. Bertakoen artean, Iñaki Camachoren «Last Battle» izan zen laburrik onena, eta Euskadiko Surfeko Lanik Onena, «Imberno», Igor Bellidorena. Gazteen epaimahaiak, azkenik, Joaquin eta Julian Azulay anaien «Gauchos del mar» eta «Last Battle» saritu zituen. Publikoaren sariak jakinaraziko dituzte gaur.