GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

23 urtez azpikoa | Azken saioa

Larrañagak bere gorakada benetakoa dela erakutsi zuen, txapela bereganatuz

p042_f03_546x564.jpg

J.L.

Mikel Larrañaga azpeitiarrarengan itxaropen handiak daude jarrita, eta atzo jokatu zen finalean argi eta garbi utzi zuen horiek benetakoak direla, sekulako lana egin baitzuen, eta erabateko nagusitasuna erakutsi zuen 23 urtez azpiko finalean.

Bost proba ezberdin egin behar izan zituen aizkolari bakoitzak, eta Mikel Larrañaga gainerako guztien oso gainetik agertu zen. Ekinaldi guztietan nagusi izan zen, eta erabateko erraztasunarekin. Zutik jarritako enborrarekin zituen zalantzak, baina hor ere Erasun baino hobea izan zen. Azken urtebete honetan sekulako gorakada eman du, eta maila horretako aizkolaririk onenetakoa bihurtu da, eta aurten Euskal Herriko Lehen Mailara igotzeko faboritoen artean agertuko da azpeitiarra.

Ander Erasun da itxaropena piztu duen beste aizkolaria, baina atzo gauza gutxi egin ahal izan zuen gipuzkoarraren nagusitasunaren aurrean. Hala ere, berak gehiago egin dezake; atzo ez zuen bere egunik onena izan, baina lan bikaina egin izan balu ere, atzo oso zaila izango zuen Larrañaga gainditzea.

Rodriguez segoviarrak, berriz, ikaragarri sufritu zuen iraupen proban, eta lehendik ia aukerarik ez baldin bazuen, hor denak galdu zituen, eta Larrañagarengandik zazpi minutura amaitu zuen finala, eta egin behar zituzten lanak kontuan hartuta, hori gehiegi da.

Larrañagak lan guztiak 22 minutu eta 41 segundoan amaitu zituen. 27.38 izan zen Ander Erasunen denbora. 30.18 izan zen, berriz, Juanillo Rodriguez segoviarraren denbora.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo