Aizkora | Urrezko lehiaketako finala
Floren Nazabalek berea egin du
Etxarrikoak lan asko egin behar izan zuen garaipena erdiesteko, baina bera izan zen finaleko aizkolaririk orekatuena.
Jon LEUNDA
Floren Nazabal zen Urrezko Aizkora irabazteko faborito nagusia, eta Etxarrikoak ez zuen hutsik egin, berak jantzi baitzuen txapela. Hala ere, uste baino lan gehiago egin behar izan zuen garaipena lortu ahal izateko.
500 ikusle inguru batu ziren finala zuzenean jarraitzeko asmoarekin Izarraitz pilotalekuan. Ikusmin handia zegoen, inguruko bi aizkolari ere tartean ziren-eta, nahiz eta horietako inor ez zen maila nagusiko finalean.
45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren hasteko, eta Aitzol Atutxa izan zen garaile, 34 kolpetan erdibituta. Lauren aldea kendu zion Nazabali, eta beste zazpi, berriz Unai Otaño Ibarrakoari.
Bigarren lanean, bakoitzak tamaina bereko enborra erlojuz kontra bota behar izan zuen. Otaño izan zen azkarrena, enborra 43 segundoan amaituta, 47 segundo behar izan zituen Nazabalek, eta 48 Atutxak.
Jarraian 60 ontzakoa zutik jarrita izan zuten, eta hortxe amaitu ziren Otañok garaipena erdiesteko zituen aukera asko, denbora dezente pasa baitzuen enbor hori erdibitzen. Hor, onena Aitzol Atutxa izan zen, bere lana 3 minutu eta 22 segundoan amaituta. 3.29 izan zen Floren Nazabalen denbora; eta azkenik, 3.34 Unai Otañorena.
Lan horren ostean, bizkaitarra bere lehen txapela lortzeko aukera handiekin jarri zen, baina ez zuen posible izan. Ondoren, 60 ontzako enborra etzanda jarrita erdibitu behar izan zuten, eta hor sekulako berdintasuna izan zen. Floren Nazabalek irabazi zuen, eta 2.02 izan zen bere denbora. 2.03 izan zen Otañorena eta 2.04 Atutxarena.
Amaierarako bi proba falta ziren, eta ekinaldi garrantzitsuak ziren horiek. Hasteko, kana-erdiko bat zutik, eta beste bat etzanda jarrita zituzten. Nazabal izan zen onena, eta atzetik Atutxa sailkatu zen. Otañok garaipena lortzeko zituen aukera asko galdu zituen, berriz, Ibarrakoa atzo ez baitzen zutik jarritako enborrekin oso ongi aritu.
Azkeneko proban, aldiz, Floren Nazabal izan zen jaun eta jabe. Otañok ordurako ez zuen ia aukerarik, baina bai Atutxak. Bizkaitarrak, ordea, behera egin zuen, eta ezin izan zion Nazabali aurre egin. Amaieran Etxarrikoak garaipena erdietsi zuen, eta aurretik zeuden iragarpen guztiak bete egin zituen. Hala ere, Otaño zutik jarritako enborrekin ongi aritu izan balitz, berak irabaz zezakeen susmoa geratu zen finalaren ostean.
Lan guztiak burutzeko 23 minutu eta 45 segundo behar izan zituen Floren Nazabalek. Bigarren postuan sailkatu zen Aitzol Atutxa, eta bere denbora 24 minutu eta 43 segundo izan zen. Azkena, berriz, Unai Otaño gipuzkoarra geratu zen, eta Ibarrakoak lan guztiak burutzeko 24 minutu eta 43 segundo behar izan zituen.
Unai Otañok bazituen irabazteko aukerak, baina zutik jarritako enborretan denak galdu zituen. Atutxa, berriz, oso ongi iritsi zen azkeneko saiora, baina iraupen proban behera egin zuen.
Eneko Otañok eutsi egin zion 19 urtez azpiko lehiaketan, iaz lortutako txapelari. Beizamakoak borroka handia izan zuen Eneko Saralegirekin, baina txapela lortzeko modua egin zuen.
Hiru lan ezberdin egin behar izan zituen aizkolari bakoitzak, eta Otaño eta Saralegi ziren bi faboritoak. Azkenean txapelaren lehia bi aizkolari horien artean egon zen.
Iker Vicentek ere ez zuen lan txarra egin, baina adinez beste biak baino dezentez gazteagoa da, eta maila honetan hori asko nabaritzen da.
Otañok lan guztiak burutzeko 10 minutu eta 44 segundo behar izan zituen. Bigarren postuan sailkatu zen Eneko Saralegi, eta leitzarrak bere lanak burutzeko 11 minutu eta segundo bat behar izan zituen. Hirugarren Vicente II.a sailkatu zen, eta 12.08 izan zen Otsagabiko gaztetxoaren denbora.
J.L.