GARA > Idatzia > Euskal Herria

Menu begetarianoa izango da aukeran eskola publikoetan, datorren ikasturtetik aurrera

Datorren ikasturtetik aurrera menu begetarianoa jan ahal izango dute haurrek EAEko eskola publikoetako jantokietan, Lakuako Gobernuak hainbat talde animalista eta banakoren eskariei baiezkoa eman ostean.

p016_f01.jpg

M.P. | BILBO

Datorren ikasturtetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko eskola publikoetan menu begetarianoa jan nahi duten ikasleek ez dute arazorik izango, Lakuako Gobernuaren Hezkuntza Sailak eskolei barne zirkular bidez era horretako menuak onartuko direla jakinarazi baitie, Askekintza Animalista erakundeak adierazi duenez.

Eztabaida orain dela zenbait hilabete hasi zen, Gasteizen. Goñi Larretxi familiak beren semeari menu begetarianoa emateko eskatu zuen. Eskolak lehendabizi eta Hezkuntza Sailak ondoren eskaerari ezezkoa eman zioten, eta Goñi familiak protestak egin zituen Hezkuntza Sailean. Askekintza Animalista elkarteak salaketarekin bat egin eta protesta kanpaina babestu zuen, eta Euskal Herrian eta Estatu espainolean menu begetarianoen aldeko 3.000 sinadura inguru batu zituen.

Protesta-gutun horiek Hezkuntza sailburu Isabel Celaari, Sailburuen Kabineteko zuzendari Javier Nogalesi, Administrazio eta Zerbitzu sailburuorde Maria Soledad Estebani eta Dirubideen Zuzendaritzako arduradun Juana Urrutiari heldu zitzaizkien, www.change.org Interneteko aldarrikapen plataformaren bitartez, talde animalistak adierazi zuenez.

Lide Preku Askekintzako kidea «oso pozik» agertu zen Hezkuntza Sailak hurrengo ikasturterako hartutako erabakiarekin. Bere ustez, «gizartean dagoen kezka batekin, eskaera batekin bat egiten duelako».

Bere hitzetan, begetarianismoa eta beganismoa «gero eta hedatuagoak daude gaur egungo gizartean» eta hortaz, «eskola publikoak errealitate horren isla» izan behar dutela defendatu zuen. Prekuk «eskubidetzat» jo zuen menu berrien eskaintza, «eta inolaz ere pribilegio edo fribolitate gisa».

Preku oso gustura agertu zen ekimenak izandako erantzunarekin. «Honek erakusten du herri-presioa egiten denean, protesta egiten denean, helburuak lortzen direla».

Kartzelan badituzte

Javier Goñi, Gasteizko gaztearen aita, oso pozik agertu zen Hezkuntza Sailak harturiko erabakiaren: «Pozik gaude instituzioek belarriak ireki eta gure aldarrikapenak entzun dituztelako». Halere, poztasuna ez da erabatekoa, «oraindik beganoen eskubideak ez direlako errespetatzen, eta zenbait gurasorentzat, hartutako erabakia ez nahikoa».

Goñik, GARAri egindako adierazpenetan, datu interesgarriak eman zituen, esaterako, «kartzeletan orain dela zenbait urtetik menu begetarianoak» dituztela, eta eskoletan bertan «musulmanentzat txerrikirik gabeko menu bereziak» prestatzen direla. Hortaz, «zergatik itxaron behar izan dugu horrenbeste beste tokietan badituzten eskubideak gure eskoletan izateko?», bota zuen galdera Goñik.

Azkenik, menu hori eskatzeko ez dela inolako dokumenturik aurkeztu behar azpimarratu nahi izan zuen Goñik, «ez delako frogatu behar norbait begetarianoa den edo ez menua eskaintzeko». Gasteiztarrak adierazi bezala, «nahikoa izango da ikasturte hasieran eskolako jantokiaren arduradunekin harremanetan jartzea eta menu berria eskatzea».

agiririk gabe

Menu begetariano berri hau eskatzeko, ez da beharrezkoa izango inolako agiririk erakustea. Nahikoa izango da jantokiaren arduradunarekin harremanetan jartzea eta menu berria eskatzea

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo