GARA > Idatzia > Kultura

Omenaldi bateratu eta xumea Manuel Lasarte hitzaren errementariari

Errementaria eta bertsolaria zen eta burdina bezala josten zituen hitzak, kolpez kolpe, zehaztasunez. Manuel Lasarte urte hasieran joan zitzaigun eta anitz ziren omendu nahi zuten eragile eta taldeak. Azkenean, indarrak batu eta ekitaldi osoa antolatu dute denen artean.

p049_f02.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Omenaldi «xumea eta hunkigarria» prestatu dute Orioko Udalak eta herritarrek Aiako eta Leitzako udalen eta jendearen laguntzarekin, joan den otsailean zendu zen Manuel Lasarte oroitzeko. Errementari hau 40 urtez aritu zen plazarik plaza kantuan. Horretaz gain, bertso irakasle, bertso jartzaile eta idazle ere bazen. Sorkuntza lana izan zen berea, eta uzta oparoa utzi zuen bertso eta hitzetan.

Hiru herrietako udaletako ordezkariek atzoko aurkezpenean adierazi zutenez, gizartean badago Lasarteren lana transmititzeko beharra, eta horretan laguntzea espero dute ekitaldi honekin. Haren sorkuntza oroitu eta utzitako ondarea eskertu eta zabaldu nahi dute.

Bertsoa, hitza, musika eta dantza izanen dira ekitaldiaren osagaiak, 30 lagun igoko dira oholtzara, eta unerik zirraragarriena bukaeran iritsiko da, Manuelen seme bertsolariak, Eusebiok, eta Patxi Oliden Danbolin musikari eta lagun minak bertso sorta bana kantatzean. Semeak aitari eskaintzeko prestatu dituen bertso batzuk abestuko ditu, eta lagunak, aldiz, Manuelek behin Leitzako omenaldi batean kantatu zuen sorta bat gogoratuko du.

Hitzordua Orioko Karela kiroldegian da, etzi. Antolatzaileek atzoko aurkezpenean azaldu zutenez, doan da ekitaldia eta sarrerarik ere ez da hartu behar. 22.00etan hasiko da, baina ordu erdi lehenago irekiko dituzte ateak eta garaiz joateko eskatu zioten jendeari.

Euskaltzale guztiei zuzendua

Denei luzatu zieten gonbidapena, bertsozale eta euskaltzale guztiei, omenaldia Leitzako, Aiako eta Orioko udalek eta eragileek antolatu arren, Manuel Lasarte «bertsolari nazionala» zelako, «euskal kulturan eta Euskal Herrian erreferente garrantzitsua».

Joan ezin dutenek ETB1en ikusi ahalko dute omenaldia, telebista honek diferituan eskainiko baitu antolatzaileekin lortutako akordio bati esker. Hitzarmen honek, gainera, Manuel Lasarteren ahotsa eta irudiak ekitaldian izatea ahalbidetuko du. Bideo bat proiektatuko dute bere bertso eta elkarrizketen pasarteekin.

Sortzailearen irudi gehiago ere erakutsiko dituzte. Joxerramon Garate oriotarrak eskainitako pintura lanak jarriko dituzte Karela kiroldegian ikusgai, baita Aitor Mendizabal eskultorearen lana ere. Hain zuzen, azken horren eskultura baten irudia erabili dute kartela egiteko.

Bertsolariak lotura estua izan zuen omenaldia antolatu duten hiru herriekin. Izan ere, Leitzako Franki baserrian jaio zen 1927an, baina 12 urte zituelarik Aiara joan zen bizitzera, eta, handik, Oriora. Horregatik, hiru tokietako eragile eta udalak elkartu dira, eta familiak ere omenaldi bakarra egitea nahiago zuela ikusita, honen nahia errespetatuz antolatu dute Orioko ekitaldia.

Musikari, kantari, bertsolari eta dantzariak, elkarrekin oholtzan

Orioko Errikotxia bertso eskolako kideek prestatu dute ordu eta erdi iraunen duen ekitaldia, Xabier Amurizaren laguntzarekin. Bertan, Manuel Lasarteren bertsoak eta testuak oroituko dituzte 30 lagunek: kantariak (Orioko Herri Ikastolako Olaxka abesbatza eta Mertxe Oliden), musikariak (Martin Perona, Gari eta Iñaki trikitilariak, Joxerra San Sebastian eta Imanol Urkizu), bertsolariak (Miguel Mari Elosegi Luze, Martin Rezabal Olaso, Patxi Etxeberria, Anjel Mari Peñagarikano, Julio Soto eta Andoni Egaña) eta dantzariak (Maitane Mujika eta Ander Errasti). Iñaki Muruak eta Iñaki Perurenak Lasarteren testuak irakurriko dituzte. M. I.

ETZI, ORION

Hitzordua Orioko Karela kiroldegian da, etzi. Doan da ekitaldia eta sarrerarik ere ez da hartu behar. 22.00etan hasiko da, baina ordu erdi lehenago irekiko dituzte ateak eta garaiz joateko eskatu dute.

SEMEA ETA LAGUNA

Eusebio Lasarte Manuelen semeak bertso sorta bat prestatu du aitari eskaintzeko, eta Patxi Oliden lagun minak bertze sorta bat kantatuko du, Manuelek Leitzako omenaldi batean abestua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo