GARA > Idatzia > Kultura

Haizea BARCENILLA | Arte komisarioa

Kolonizazioa

 

Asko hitz egin da Madonna-Kalakan adiskidetasun arriskutsuari buruz. Denetariko iritziak entzun dira, asko mespretxuzkoak. Gorka Bereziartuak erantzun ederra eman zuen «Argia»-n, Madonnak euskal kitsch-a asmatu ez duela gogoraraziz. Baina kitsch-az gain, Martxelo Diazen hitz batek inpresionatu ninduen: kolonialista.

Jakina da Madonnak, bere burua den enpresa horretan, kulturaniztasuna, bakea eta antzekoak saltzen dituela, era guztiz gainazalezko eta komertzialean. Kalakan gonbidatu du, eta hauek, nirea bezala eurena ere baden kulturarekin baiezkoa eman diote. Eskubide osoz. Kepa Junkerak, adibidez, ez al ditu ere balore zehatz batzuk, kultura zehatz batzuk gonbidatzen, irudi zehatz bat igortzeko?

Eta gogora dezagun orain hiru urte, Athletic koparen finalera iristean, EITBk partidaren aurretik eskainitako bideoa: Coopera gobernuz kanpoko erakundeak Kongon kudeatzen duen pobreziaz jositako ingurune bateko umeak Athleticen himnoa abesten. Taldeak oparitutako peto eta baloi batzuk eskertzeko egindakoa. Nire inguruko guztiak, nire harridurarako, liluratu ziren, sentimendu baten adierazpidea zelakoan. Berdin dio ume horiek pobrezian bizi arren, Athleticek, jokalariei urtean milioi bat euro ordaintzen dien enpresak, publizitatez beteriko peto batzuk eskaintzea. Futbol profesionalaren balore hiperkapitalista eta star-system-ekoak zabaltzea, eta, gainera, umeen irudia horrela aprobetxatzea. Ordainduko al zieten ikusleen araberako kanonik?

Hau guztia, Mondragonen balore korporatiboen Txinako zabalkundearekin hasi gabe. Kolonialismoari buruz asko ikasi eta konpondu behar dugu, baina, mesedez, has gaitezen geuretik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo