GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia | Bertsolaria

Katalizatzen

Munduko tendentzia politiko guztiak hirutan bana ditzagun: beldurtuak, haserretuak eta idiotak. Oraingoz beldurtuak haserretuak baino gehiago dira Europan

Katalizatu: Prozesu baten garapena arindu edo erraztu. Kimikatik begiratuta: Alteraziorik jasaten ez duen sustantzia batek erreakzio baten abiaduran eragindako alterazioa. Kuadrillako basurdeenak, bere borondaterik onenarekin, noski, zapatu gauari eragin ohi dion transformazioa.

Zero probabilitatea posible den neurri berean, izan liteke ehuneko ehun probabilitatearekin jazoko zena sekula ez gertatzea. Adibideak, bakoitzak bereak. Gizakiaren sufrimendua eurotan kontabiliza litekeela uste dutenentzat, Syriza alderdi greziarra katalizatzailea izan liteke. Alegia, sistemak egur eta karitatearen bidez disolba lezakeen ezinegon soziala boterearen aurka bidera lezake. Daborduko zirixa sartzea lortu du, orain hiru urte ezinezkoa zirudiena.

Munduko tendentzia politiko guztiak hirutan bana ditzagun: beldurtuak, haserretuak eta idiotak. Idiota berba greziarrek asmatu zuten, guztion arazoak jorratzeko biltzarretara joaten ez zirenei esateko. Hots, politikagatiko interesik gabekoak dira. Beldurtua, daukana galtzearen beldurrak bizi du. Gizakiak bere bizitzan zehar egin dituen gauzarik ankerrenak beldurrak eragin ditu. Eta ankerkeria horiek pairatzen dituztenak haserretu ohi dira. Lehenengo adikunean hirugarren horiek ematen dute guztietan okerrenak, gaitz guztien eragile. Denbora eta jakingura behar dira infernua beldurtiek asmatu zutela jakiteko. Eta denbora horrekin jokatzen dute belaunaldiz belaunaldi, hauteskundez hauteskunde.

Nik ez dakit Syriza alderdia katalizatzailea izango den ala ez. Oraingoz beldurtuak haserretuak baino gehiago dira Europan. Denbora behar da katalizatu aditzaren definizio kimikoan agertzen den lehen baldintza betetzen den ala ez, sistema aldatzeko aldarria alteraziorik gabe mantentzen den ala ez ikusteko. Horren arabera lortuko du gaurko indarra edukitzera eroan duen aldaketa egoerari bultza egitea.

Orain hamar urte alperrik zen gizarte eredua aldatzeak ze onura zekarren azaltzea, askoren kezkarik handiena bigarren etxea erostea zen. Baina festa amaitu da, eta bigarren etxea lehenengoarekin batera galdu duenak beldurra galdu du, jabetzarekin batera. Gehienak idiota bihurtzen dira, desideologizazioaren ajeak, lantegiak hustu eta gimnasioak betez. Gutxiago, baina geroz eta gehiago, haserretu direnak daude. Izaerak eragin handia du.

Europa 1930eko hamarkadako itxura hartzen hasi da politikoki, muturretan indarra, beldur eta haserre izugarriak, elkarri eragiten eta elkar elikatzen. Historikoki hegemonikoak izan diren alderdiak estuki eta elkarlanean eusten diote botereari, krisiak bipartidismoaren aukera biak ezagutu dituen lurraldeetan. Espainiar estatuan «legengintzaldi» honetan agortuko da zikloa. Eta indar berriak aurrekoen lekua betetzen hasiko dira. Frantzian denbora gehiago daukate.

Geuk gureari begiratu behar diogun arren, Espainian UPyDk har lezakeen indarrak loa galarazten dit. Baliteke, beldurtu eta haserreturik bako Euskal Herria eraikitzeko, estatu osoan herri mugimendua eta botere instituzionala uztartzen dituen erreferente bat, katalizatzaile bat eraikitzen lagundu behar izatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo