GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Joana Aurrekoetxea | Euskal Herriko Bilgune Feminista

Emakumeok zelai debekatura jauzi!

Eliteko kirolaz hitz egiten badugu, zer esanik ez, emakumeok jokoz kanpo kokatzen gaituen joko- zelaian lehiatu beharko dugu kirolari bezala aitortzen ez gaituen egituraren kontra

Ekainaren 23a egun garrantzitsua dugu Euskal Herrian: Euskal Selekzioaren ofizialtasu- naren eta euskaraz bizitzeko gogo eta beharraren aldeko egun osoko ospakizuna eta futbol partidua izango ditugu Donostiako Amara Berri auzoan. Egun osoko jaia eta aldarria izango ditugu bertan, kirolaren alorrean ere herri bat garela irudikatuz eta munduaren aurrean sentitzen garen bezala azalduz.

Baina aldarri horietatik harago, ekimen honek badu bereziago egiten duen ezaugarritzea: emakumeok betatuta dugun kirola praktikatzeko eskubidea aldarrikatuko dugu, bai eta emakumeok kirol munduan aurkitzen dugun horma erauzi beharra dagoela agerian utzi ere, bai futbolean arituko diren Euskal Selekzioko eta Eslovakiako neskek bai lanean eta festan arituko garen herritarrok ere. Izan ere, nor ez du txunditu emakumeek zelaira jauzi egingo duten berriak, tradizioz gizonena eta funtsean gizonentzat den ekimenean?

Eta tradizioez hitz egiten dugu, Mendebaldeko jendarte patriarkaletan arrazoi kulturaletan oinarrituta bereizkeria egoera ugari transmititu baitira urteetan zehar genero-rol eta estereotipoen bidez. Kirola oso adibide argia dugu honen gaineko kontzientzia hartzeko: zientzia eta medikuntza ofizialak emakumeak eta gizonak fisikoki zein psikologikoki ezberdinak garela sinestarazirik ideia eta egia hori naturalizatu eta birproduzitu dugun arren, sexuak eta gorputzak anitzak direla eta hein handi-handi batean kulturalki eraikitzen ditugula argi asko ikusi eta frogatu ahal izan dugu.

Ezberdintasunen arrazoia (arau sozial eta kulturala) medio, kasik jaio ere egin ez garenetik kirolean aritzeko zaletasunak, desioak, aukerak, denbora, espezialitateak eta abar egokitzen zaizkigu, neska ala mutil, sortu eta eraikiko gaituztenaren arabera. Honela, eskolan kirol bat ala bestea aukeratuko dugu, jolas-garaian espazio zabalean ala izkina batean jolastu eta mugituko gara, komunikabide eta jendarteratze eragile ezberdinek salduriko emakume eta gizon eredu estereotipatuak errepikatuko ditugu, kirol eredu nagusi bezala gizonezkoen eliteko futbola barneratuko dugu, eta ikasketetan estu ibiliz gero, kirola sakrifikatu ala ez erabakiko dugu gure exijentziaren arabera (neska ala mutil izan ez baititugu berdin bizi exijentziak).

Ukaezina da, beraz, kirola egiten hasteko aukerak eta baldintzak ezberdinak direla eta bide honetan zailtasun ugarirekin topatuko garela gerora ere: neskek, batez beste, 14 urterekin uzten diote kirola egiteari. Eskolako egiturak kirolerako prestatuak ez izanik, modu bakarra klub federatuetan aritzea izango da, baina baliabide urritasuna dela edota borondate faltagatik, gaitasun onenak dituzten neska-mutilak hartu eta errendimendu kirolera bideratuko dira, lehentasuna, nola ez, mutilek izanen dutelarik. Eliteko kirolaz hitz egiten badugu, zer esanik ez, emakumeok jokoz kanpo kokatzen gaituen joko-zelaian lehiatu beharko dugu kirolari eta jokalari bezala aitortzen ez gaituen egituraren kontra.

Gaurko egun handi honetan, bada, zabal dezagun kirolaren kontzeptua, zabal diezaiogun kirolaren esparruko irudimena gorputz, profil, adin, zaletasun, eta estilo guztiei. Irudika dezagun kulturalki garatuz doan herria; tradizioa bereizkeria edota zapalkuntza klabeetan onartu ez, eta aldaketarako bidean baldintzak eta konpromisoak hartzen joango dena.

(*) Artikulua honakoek ere sinatzen dute: Maite Kortes (Potxuak Martxan) eta Ana Txurruka (Medeak)

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo