Larraitz LUCAS | REALEKO JOKALARIA
«Reala nire bizitza osoa izan da; amets bat zena egia bihurtu zen»
Hamasei urte -azken zortziak Realean- eman ditu futbolean jokatzen txuri-urdinen taldeko kapitainak. 30 urte bete dituela, larunbatean azken neurketa jokatuko du, inoiz amestu ezingo lukeen eran, gainera: Anoetan eta emakumezkoen Euskal Herriko selekzioarekin. Bizitzako beste arlo batzuekin gozatzen hasi baino lehen, jokalari donostiarra oso zintzo agertu da elkarrizketa honetan.
Imanol CARRILLO
Loiolako Erriberak auzoko (Donostia) Oroimenaren Parkean egin dugu hitzordua Larraitz Lucasekin. Pozik iritsi da gugana, goiza lau urteko 24 haurrekin pasa eta gero; lanean, alegia. Parkearen izena bezala, bere irudia realzale guztien oroimenean geratuko da luzerako, betiko.
Elkarrizketa ugariri erantzun behar izan al diezu egun hauetan?
Bai. Badakit azkeneko astea dela, hemendik aurrera ez didatela berriro deituko. Baina polita da zuekin elkarrizketa izatea eta, hedabideetan behintzat futbolak zer esan nahi duen, eta niretzat zer izan den azaltzea.
Nola hasi zinen futbolean?
Aita, betidanik, Kontxa hondartzako leku txiki horretan ikusten nuen jolasten, eta anaia ere ikastolan. Beti kamiseta txuri-urdinarekin gainera, ikastolako koloreak horiek zirelako. Ez dakit zizareren bat-edo zuztartu zitzaidan, baina orduan hasi nintzen baloi bati jo eta jo.
Emakumezkoen futbola asko aldatu da. Kirol honetan hasi zinenean, arazorik izan al zenuen?
Bai. Ni, adibidez, Loiolako San Inazio ikastetxean neska bakarra nintzen futbolean jolasten, baina apaizei ez zitzaien batere gustatzen. 12 urte arte utzi zidaten futbolean jolasten, baina 12tik 14 urte bitartera, federatua izan behar zenuela, ez zegoen emakumezkoen futbola, eta orduan mutilekin jolastu behar nuen. Ezetz esan eta saskibaloian bi urtez aritu nintzen. 12-14 bitarte horretako urteak zailak izan zirela onartu behar dut.
Nola hartu zuten gurasoek?
Aitak betidanik esaten zidan: `futbolean jokatu nahi baduzu, aurrera'. Agian neska jatorra aterako nintzela uste zuen. Eta amak, futbolaz aparte bazegoela beste bizitza bat esaten zidan. Familia guztiak, eta bikoteak, euren laguntza guztia eman didate.
Zergatik erabaki duzu orain futbola uztea?
Oso urte gogorra izan dut. Azkeneko partidak ez nituen gozatzen. Ispilu batean ikusita, ez nuen nire aurpegia ondo ikusten. Egia da lan finkoa aurkitu dudala aurten; bikoteak ere beste kontu batzuk eskatzen dizkizu; 30 urterekin familia izan nahi dut... Gauza guztien batura izan da. Apirilean hasi nintzen pentsatzen urte hau azkenekoa izango zela eta, behin klubari eta lagunei esanda, pisu galanta kendu dut gainetik.
Amaitu den denboraldi honetan izandako lesioak eta horren ondorioek ere bultzatu al zaituzte erabaki hori hartzera?
Bai, horrela da. Aurtengo entrenatzaileekin, nahiz eta kanpoan harreman ona izan, barruan gauza batzuk ez nituen ulertzen. Nahiko burugogorra naizenez, nahiago nuen futbola zelaian utzi, eta ez harmailetan. Ideia bat zena, egia bihurtu da, eta aurrera horrekin.
Zaila izan al da erabakia?
Alde batetik bai, nire bizitza osoa izan baita. Hamasei urte jarraian, asteburu eta arratsalde guztietan lanpetuta izatea, bidaia luzeak, udak bazter batean utzita... Zaila zen, baina hau zaletasun bat da niretzat, eta zaletasunak uztea zuk erabakitzen duzu.
Zer da zuretzat Reala?
Gogoratzen naiz, txikitan, Atotxako zelaian, iskin batean zutik, jaula esaten genion horretatik, mutilak ikusten aritzen ginela. Gero, Anoeta ireki -inoiz ez naiz bazkide izan ez dudalako uste futbola ordaindu behar denik- eta betidanik partida guztiak ikusi ditut. Realzale amorratua naiz, txuri-urdina; bihotzean egunen batean tatuaje bat egingo dut. Realak Lehen Mailan edo Superligan jokatzeko eta kamiseta eta besokoa eramateko aukera eman dit.
Realzale amorratua baino gehiago naizela uste dut. Reala bizimodu bat da, sentimendu bat; ez da edozein klub. Reala betidanik izan da etxeko eta gertuko klub bat; barruan daudenak lan bikaina egiten ari dira, betidanik beraien lana Realaren alde izan da. Jokalariek ere beren gorputzean duten guztia ematen dute. Reala nire bizitza osoa izan da.
Zer eman dio Larraitz Lucasek Realari?
Dudan onena ematen saiatu naiz, bai futbol-zelai barruan, baita kanpoan ere. Saiatu naiz zuei (kazetariei) eskerrak ematen; finean, zuek gabe ez garelako ezer. Saiatu naiz klubak niregan jarri duen konfiantza ematen. Realetik pasa diren jokalari guztiei nire laguntza eskaini nahiko nieke; barrutik ez, baina kanpotik emango diet.
Eta Realak Larraitz Lucasi?
Asko, gehiegi: nire bikotea ezagutzea lehenengo momentutik; nire familia, realzalea dena, beraiek barruan zaudela ikustea... Ezingo nuke soilik elkarrizketa batean dena azaldu.
Zein da 16 urte hauetan egiten duzun balantzea?
Balantze positiboa egingo nuke beti. Bizitza nahiko motza izaten da, ez dakizu noiz bukatuko diren pozteko aukera guztiak, eta 16 urte futbolean eman eta gero, zortzi Realean, beti esaldi berarekin amaitzen dut: `amets bat zena, egia bihurtu zen'.
Zein izan da jokalari gisa bizi izan duzun momenturik onena?
Lesio larri bat pasa eta gero, justu Realean sartuta, eta handik sei hilabetera belauna izorratu eta ondo jarrita, Oñatiko partidan ofizialki Realeko kamisetarekin debuta egin nuen eguna.
Eta txarrena?
Porrot guztiez gain, lesioak izan dira txarrena, dudarik gabe. Urte bat lehenago, beste belauna izorratuta neukan. Banekien, hortik aurrera, amets horretan ezin nuela parte hartu eta bazter batera sartu behar nuela. Horrek klubaren barruko instalazioak eta pertsona guztiak ezagutzeko aukera eman zidan.
Nola portatu dira zaleak zurekin?
Zale guztiak oso ondo portatu dira. Zale guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, bai bizitza honetan bai beste batean ere. Nirekin egon dira garaipen eta porrot guztietan, gaizki edo ondo jolastu dugunean... Beti irribarre batekin. Beti gogoratuko dut Madrilgo Kopan, Bartzelonaren aurka finalerdiak galdu genituenean, nola jarri ziren denak txaloka eta oihuka. Beti eskertzeko modukoa da.
Larunbatean Euskal Herriarekin jokatzeko aukera izango duzu. Zer sentitzen duzu momentu historiko horren aurrean?
Oso galdera ona, baina oso zaila erantzuna. Badakit deialdian nagoela, badakit gaur [atzo] entrenamendua dugula... Lehen Realeko kamiseta janztea amets bat zena... hau ez da ametsa ere, ezingo nukeelako inoiz hau amestu. Nire azken partida, Anoetan, selekzioarekin, gainera, Euskal Herriak zer esan nahi duen gure futbolerako eta emakumezkoen futbolerako... Negar egiten amaitzen dudanean komentatuko dizut (barrezka).
Zure azken partida izango da. Zer espero duzu?
Bukaera ezin hobea. Espero dut, behintzat, partida txukuna egitea, Anoetara gerturatzen den jendea pozik geratzea, emakumezkoen futbolak zer esan nahi duen sentitzea eta zer esan nahi duen gaur egun Euskal Herriak gure futbolarentzat.
Bueno, eta larunbatetik aurrera?
Orain, bizi! Zaila da hori. Lanean jarraitzeaz gain, gimnasio batean eman dut izena. Arraroa egingo zait arratsalde guztiak libre izatea, 16 urtez baztertuta izan ditudan lagun horiekin berriro egoteko eta berreskuratzeko. Opor onak eta luzeak nahi ditut abuztuan, ez bainaiz inoiz kanpora joan hil horretan, eta Realak zer esan nahi duen kanpotik gozatu.