GARA > Idatzia > Kultura

Egonkortasuneranzko bidea hartzen ari da Big Festival, 4. edizioan

Biarritzeko Big Festival jaialdia uztailaren 18tik 22ra ospatuko da kostaldeko hiriko gune ezberdinetan. Nazioarteko eta Euskal Herriko artista ezagunen erreferentziazko hitzordu bilakatzen ari da jaialdia.

p044_f01_149x89.jpg

Idoia ERASO | BIARRITZ

Peter Doherty, Joe La Reina, Izia, Berri Txarrak, M83, De La Soul, King Charles, Skip The Use, Stuck In The Sound, Fuel Fandango, Joey Starr, Garamendi, Sebastien Tellier... musika estilo eta jatorri oso ezberdineko artistek hartuko dute parte Big Festivalen. «Gero eta hobeki doa jaialdia, askoz egonkortasun handiagoa daukagu. Oreka orokorra dago programazioaren eta kokaguneen artean», adierazi zuen Bigeko zuzendari Sebastien Farranek. «Uztailaren 21ean Agileran egingo den gaualdia gure historiako garrantzitsuena izanen da», gaineratu zuen aurtengo programazioaren gainean.

Festibalak Bidasoaren bestaldearekin gero eta lotura estuagoa du, horren adierazle da antolakuntzako kide Iñigo Argamaniz promotore gipuzkoarra. «Joan den urtean Gipuzkoa eta Bizkaiko jende asko etorri zen, baita Estatukoa ere, eta aurten publiko horren kopuruak gora egitea espero dugu», adierazi zuen donostiarrak.

Bidasoaren bi aldeetako lurraldeen elkarlanaren adierazle da, halaber, Donostiak 2016an izanen duen Europako Kultura Hiriburutzan Biarritzeko festibalak izanen duen parte hartzea. Programazioaren parte izanen dela azaldu zuen Argamanizek: «Hiriburutzarekin laguntza beharko dugu, eta Big festibala laguntza ona izanen dela uste dut. Jaialdi hau truke kultural horren adibide bikaina da».

Joan den urtean 16.000 pertsona elkartu ziren Biarritzeko jaialdian, eta aurten 20.000 ikusle baino gehiagorentzako tokia izanen dela aurreikusi dute. Agilerako estadioa, Irati erakustokia eta Atabal gaur egungo eszenatokiaren artean banatuko dituzte kontzertuak.

Alta, festibalak beste gune batzuk ere eskainiko ditu musika eta bestelako ekimenez gozatzeko. Eguneko giroaz baliatu nahi dutenek hondartza ondoan antolatua izanen den Herrixkan mota ezberdinetako kontzertuekin batera surfa egiteko parada izanen dute, esaterako. Aurtengo berrikuntzetako bat kontzertuen ondoren gaueko ordu txikietan bestan jarraitu ahal izateko antolatuko den «diskoteka» izanen da.

Programazioa

Lehen gaualdia Atabalen izanen da uztailaren 18an. Audience euskal taldearen musika eta «Amerikanuak» filma baliatuta zine-kontzertuarekin hasiko da gaualdia. Stuck In The Sound, King Charles eta Tomak osatuko dute gau horretako programa.

Osteguna eta ostirala Irati erakustokian eginen dira. Lehen gauean musika elektronikoa nagusiko da Birdy Nam Nam, The Rapture, Sebastien Tellier, Yuksek, Digitalism eta Fuel Fandango taldeen emanaldiekin. Bigarrenean rock estiloa izango da nagusi Peter Doherty, Izia, Joe La Reina, Berri Txarrak eta La Femme musikarien doinuekin.

Azkenik, De La Soul, M83, Joey Starr, Shaka Ponk, Skip The Use, Garamendi eta Thee Brandy Hipsek osatuko dute jaialdiko egun nagusiko programazioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo