Txillardegiri buruzko bost idazleren ekarpenak, «Hegats»-en
Euskal Idazleen Elkartearen «Hegats» aldizkariaren zenbaki berria Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi» zenari dago eskainia. Bost idazleren ekarpenak jasotzen ditu, Alaitz Aizpuru, Gotzon Aurrekoetxea, Fito Rodriguez, Ander Iturriotz eta Joxe Austin Arrieta.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Hasteko, Joxe Austin Arrietaren elkarrizketa txiki bat Txillardegirekin, bere artikulu baten inguruan; eta segidan, idazlearen «kosmodromora», Fito Rodriguezekin saiakeragile gisa zituen ezaugarriak ezagutzera. Handik Elsa Scheelen bere eleberrietako protagonista emakumezko bakarraz eta genero gatazkaz gogoeta egitera Ander Iturriotzekin; gero euskaran eta marxismoan barneratzera Alaitz Aizpuruk lagunduta, eta azkenik, euskara batura Gotzon Aurrekoetxearekin. Horixe, Euskal Idazleen Elkarteak kaleratu duen «Hegats» aldizkariaren azken zenbakiak irakurleari proposatzen dion bidaia.
Donostiako Udal Liburutegiko sotoan egin zuten atzo arratsaldean aurkezpena, Txillardegiren familiakoen eta lagunen aitzinean, eta bertan izan ziren Arrieta, Rodriguez eta Iturriotz. Arrietak azaldu zuen urte hasieran hil zen pentsalari handiak, iritzia azaltzearekin batera, «interpelatu» egiten duela irakurlea bere saiakeretan, bera behintzat interpelatuta sentitzen da etengabe. Eta irakurlearekiko sakontasun eta zintzotasun giro horretan, amuari kosk egin eta elkarrizketa txiki bat josi du Arrietak Txillardegirekin.
Rodriguezek Donostiako idazleak saiakeragile gisa zituen ezaugarrietan sakondu du, ardatz batetik abiatuta, 60ko hamarkadatik. Garai hartan, erbesteratzeko beharraren ondorioz, giro frankofonoan, kultur joera batekin topo egin zuen Txillardegik: bertan, saiakeragintzak garrantzi handia zuen, Euskal Herrian ez bezala.
«Kolonialismoaren bukaera zen, Aljeriako borroka zen nagusi, eta hantxe topo egin zuen idazteko modu jakin batekin, kolonizatuaren esperientziarekin», oroitu zuen EIEko kideak. Erran zuenez, Txillardegik hizkuntza literarioa aldarrikatzen egin zuen ahalegina, edozein gauzari buruz idazteko. Eta entseguaren ikuspuntutik, iritzia kuraiarekin azaltzen zuen, modu duin batez.
«Saiatzen erakutsi digu»
Rodriguezek agertu zuenez, saiakeragileak, filosofoak edo politikariak ez bezala, bere esperientziatik azaltzen du arazoa, bere kontraesan eta guzti. Ideiari forma ematen dio, eta, adreilu edo piezen gisan, pentsamendu oso bat eraiki. Horretarako egitura bat behar du, adierazteko modu jakin bat, baita idazle trebea izan ere. Nola lortzen den hori? «Saiatuz. Hori da Txillardegik egiten zuena eta egiten erakutsi diguna».
Ander Iturriotzek aitortu zuenez, idazlea zendu zenean zulo bat sentitu zuen, Mikel Laboarekin edo Bitoriano Gandiagarekin sentitu zuen antzera, eta zuloa betetzeko irakurrita ala irakurtzeke zeuzkan liburuak leitu zituen. «Bere pentsamenduan sartu naiz lehendabiziko aldiz modu serio batez, eta konturatu naiz gai potenteak proposatzen dituela bai saiakeragintzan bai nobelagintzan».
Hain zuzen, emakumezko protagonista duen bere nobela bakarraren, «Elsa Scheelen» lanaren zati baten azterketa egin du «Hegats» aldizkarirako. EIEko lehendakariaren aburuz, ia marjinala da Txillardegiren eleberrigintzan, baina ezinbestekoa.
Idazlearen lanak aztertzen, «zazpi unibertso» ikusi ditu: existentzialismoa (argitu zuenez, bere obra osoan agertzen da existentzialismoa, ez normalean aipatzen diren «Peru Leartzakoa» eta «Leturiaren egunkari ezkutua» lanetan soilik), Euskal Herriaren eta euskararen krisia (bertze konstante bat), ortodoxia marxistari kritika eta euskal sozialismoa, dogmatismoari kritika, eta historia eta oroimena batzen dituen gogoeta, bertzeak bertze. Genero borroka ere bai, Elsa Scheelenekin planteatzen duena.
Iturriotzen ustez, Txillardegiren protagonistak beti izan dira bere alter ego-a, eta Elsa da salbuespena. Emakume baten bizitza kontatzen du hirugarren pertsona erabiliz, eta hori ere «Elsa Scheelen» lanean bakarrik egiten du. Elsa Perurekin eta Leturiarekin konparatuz, existentzialismo maskulinoaren eta femeninoaren ezaugarriak ematen ditu Iturriotzek.
Txillardegiren protagonistak beti izan dira bere «alter ego»-a, eta Elsa da salbuespena. Emakume baten bizitza kontatzen du hirugarren pertsona erabiliz, eta hori ere lan honetan bakarrik egiten du.
Aldizkaria: «Hegats» literatur aldizkariaren 49. zenbakia, «Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi, Altxa itzazu begiak».
Argitaratzailea: Euskal Idazleen Elkartea.