GARA > Idatzia > Kultura

Aurtengo Bilboko Kalealdian 22 kale-antzerki konpainiak hartuko dute parte

p046_f02_98x93.jpg

GARA | BILBO

Bilboko Kalealdia kale antzerki eta arteen jaialdiaren hamahirugarren edizioa izango da aurten eta goi mailako programazioa izango du. Izan ere, kaleko arte eszenikoen nazioarteko panoraman lehen mailan dauden konpainietako batzuen azken proposamenak bildu ditu. Iaz bezala, hitzorduak jaialdien ohiko egitura izango du, programazioa sei egunean batuz, uztailaren 2tik 7ra.

Jada ohiko agertoki diren Kale Nagusiko inguruek eta Zazpi Kaleetako zenbait plazak 48 ikuskizun jasoko dituzte, 22 konpainiarekin. Kanpoko taldeei dagokienez, 13 Estatu frantsesetik eta Belgikatik etorriko dira, beste bat Argentinatik eta gainerako hirurak Estatu espainoletik. Euskal Herriko Gaitzerdi, Malas Compañias, Matrioska, Anita Maravillas eta Helena Golab ere bertan izango dira.

Guztiek ere euren azkenengo lanak aurkeztuko dituzte Bilbon, gehienak proposamen eszeniko berritzaileak, kaleko banda ibiltarien musikatik dantza garaikidera, kaleko antzerkiarekin, egitura mugikorrekin edo zirkuko diziplinekin egiten den fusioarekin batera, clowna, malabareak, akrobaziak eta txotxongilo erraldoiak, besteak beste.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Bizkaiko Aldundiarekin eta Metro Bilbaorekin elkarlanean antolatu duen Bilboko Kalealdiak, Institutu Frantsesaren laguntza izango du aurten ere, Luc Amoros konpainia frantses ezagunaren presentzia lortzeko. Konpainia horrek, «Page Blanche» ikuskizuna ekarriko digu, zuzeneko pintura eta musika konbinatzen dituena.

Kalealdiaren webgunean (www.bilbokokalealdia.com) xehetasunak, ordutegiak eta kokalekuak kontsulta daitezke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo