Joseba Felix Tobar-Arbulu | Ingeniaria
Felix Arbulu Bilbao: Ziardamendiko kronika laburra
«Hemen daudenak ez dira hezurrak, duintasunak baizik; begirunea eta maitasunezko babesa eman nahi diegu, ohorezko oroimena»
Prentsa artikulu batean honelako ideiak aipatu nituen 2005ean: Gu baino lehenago beste batzuk gogor borrokatu ziren Euzkadiren askatasunaren alde. Haien artean Garaizabal konpainiako Felix Arbulu Bilbao, gure osaba (beragandik jaso nuen izena: haren gorpua Elgoibarko Ziardamendi mendian dago oraindik, Aranzadi Zientzia Elkartekoek noiz aterako zain. Edota Ibaizabal batailoiko teniente zen gure aita, Santoñako presondegian heriotza-zigorrarekin egon zena, eta gero 1942 arte Espainian zehar lanean langile-batailoietan.
Eta haiek bezalaxe, hamaika gazte Euzkadiren alde, ahal zuten guztia emanez. Gero, gu etorri ginen, enbor beretik, beste maila batean, beste zeregin batzuetan, baina Euskadiren alde gu ere. Hots, zazpi probintzien alde. Ahal genuen heinean. Hori dela eta, nahiz eta Euskal Herria izan gure nazioaren, egungo gure herriaren eta biharko gure errepublika independentearen izena, eta izen hori guztiz maitatu dugun arren, ez dugu inoiz ahaztuko, are gutxiago baztertuko Euskadi izenaren atzean zegoena eta dagoena.
Zorionez, Aranzadi taldea Ziardamendin egon da, lanean. Aparteko lana burutu dute. Behin eta berriz zorionak ematekoa. A ze langile jendea: hasi Francisco medikuarekin, segi Lourdes, Jimi, Tito, Sebas, Sonia, Itxaso... eta Claudiorekin bukatu, gehi langile «inurriak» (Irene, Naiara, Leire, Amaia, Iñaki..., gehienak medikuak edo medikuntza estudioak bukatzear dauzkatenak), ez ahazteko Eztizen eta Jokin bideo egileak eta fotografoak.
Aurretik, Ahaztuen Oroimena eta Elgoibar 1936 elkarteek lan bikaina egin dute: hitzaldiak, grabaketak, fotografiak, bideoak. Lan ederra benetan.
Gailurra 2012ko ekainaren 16ko ekitaldian lortu zen: bertsolaria, dantzaria eta txistua, lore eskaintza, eta hitz apurrak...
Nire aldetik, familiarren izenean, honelako hitzak esan nituen, Agote familiari (eta bereziki Bittoriori eta Jose Inazio zenari), Elgoibarko Felix Etxeberriari eta afera honetan laguntza ederra eman diguten guztiei eskerrak eman ondoren:
«Orain bizpahiru hitz. Duintasuna: Hemen daudenak ez dira hezurrak, duintasunak baizik. Gaur duintasuna eman nahi diegu gorpuzki hauei. Duintasunez jantzi nahi ditugu gorpuzki hauek. Begirunea eta babesa: gaur gudari hauei begirunea eta maitasunezko babesa eman nahi diegu. Ekitaldi xumea: gaur Ziardamendin ekitaldi xumea, baina luxuzkoa, eman nahi diegu bertan 76 urte egon direnei. Ohorezko oroimena: gaur hemen faxismoaren kontra aritu zirenei ohorezko oroimen bat egin nahi diegu. Askatasuna: gudari horiek, gazte horiek, jende maitagarri horiek askatasuna zeukaten helburu». Bittoriori, hirugarren hilobian, hasi baino lehen honelaxe esan nion: «Bittorio, hemen gorpuak topatu ala ez, gorpuak aurkitu ala ez, eskerrak eman nahi dizkizut. Gure familietakoak hementxe bakean egon dira zure familiakoei esker». Beraz, egon daitezela bakean. Eta, berriz, askatasuna bukatzeko: «Euskadiren askatasunaren alde borroka egin zuten gure familietako hauek. Hortaz, Gora Euskadi askatua! Gora Euskal Herria libre! Mila esker!»
Gure aitak aspalditik esanda: gure familiakoa zen Felixek ez zuen borroka egin PNVren alde, ezta Errepublika espainiarraren edo estatutu baten alde ere, Euzkadiren askatasunaren alde baizik. Gerla ez-zibil hartatik bizirik atera zirenekin (Garaizabal konpainiakoak, Santurtziko Balparda auzoan jaioak eta gure osaba Ziardamendin erortzen ikusi zutenak: Lorenzo, Vicente, Avelino eta Valentin), horiekin guztiekin, hamaika bider hitz egin dut gai horretaz. Ez, Balpardakoak, beren hitzetan, «Euzkadiren askatasunaren alde, Euzkadiren independentziaren alde» aritu ziren, batzuek (osaba tartean) dena eman arte.
Baina, politika eta ekonomia arloan, etorkizuna da gure kezkarik nagusia, ez iragana. Hortaz, gure herria eraikitzerakoan, XXI. mendeko baldintza berriak kontuan eduki behar dira. Baldintza berri horietan Euskadi edo/eta Euskal Herria da, eta izango da, gure nazio bakarra, gure aberri bakarra, Labegerie gogoratuz. Herria askatu behar da. Ez inongo estatu zaharkiturik. «Euskal Herria Askatu!» aspaldiko leloa dugu, lelo ederra gainera.
Argi gera bedi: Euskal Herri berriak ez du behar inolako estatu zaharkiturik, euskal errepublika independente berri bat baizik, gure historian lehen aldiz zazpi probintzia edo, nahi bada, hiru esparru berezi (Iparraldea, Nafarroa garaia, eta Baskongadak) bateratuko dituen euskal errepublika erabat berria. Hori lortzeko, autodeterminazioa da giltza, ez dago beste biderik.
Bai, euskara eta ikurrina izanen dira Euskadi berriaren ikurrak, lehengo gudariek (Balpardakoek barne) amestu zuten bezala. Euskadi da, eta izango da, gure herri bakarra, gure nazio bakarra, gure errepublika berri bakarra. Nominalistak ez garenok, gure aurrekoen omenez eta ondokoei bidea erakutsiz, segi dezagun oihukatzen, Ziardamendin aipatu genuen bezala: Gora Euskadi askatua! Gora Euskal Herria libre!