Hautetsiak Udalbiltza berrantolatzeko bilduko dira Iruñean hilaren 30ean
Hamahiru urteko etenaldiaren ostean Udalbiltza berriz ere martxan jartzea helburu hartuta, bilera egingo dute hilaren 30ean Iruñeko Baluarte jauregian Euskal Herri osoko hautetsiek. Dagoeneko 230 herritako 606 hautetsik egin dute bat deialdiarekin, tartean 78 alkate.
Martxelo DIAZ | IRUÑEA
Udalbiltza berriz abian jartzeko osatu den talde sustatzaileak hilaren 30ean Iruñeko Baluarte jauregian bilera bat egingo dutela iragarri zuen atzo. Iruñean egindako ekitaldian hiriburu nafarreko zinegotzi Aritz Romeok, Ordiziako alkate Igor Egurenek eta Gasteizko zinegotzi Iratxe Lopez de Aberasturik azaldu zutenez, 606 udal hautetsik egin dute bat jada hilaren 30eko deialdiarekin. Horietatik 78 alkateak dira eta 528 zinegotziak. Guztira, Euskal Herri osoko 230 udalerri ordezkatzen dituzte.
Udalbiltza berrantolatzeko bilerarekin bat egiteko epea oraindik ere zabalik dela kontuan izanik, datozen egunetan atxikimendu kopurua areagotuko dela uste dute ekimenaren sustatzaileek. Zentzu horretan, Udalbiltza berriz martxan jartzeko deialdia Euskal Herriko udal hautetsi guztiei zabalik dagoela azaldu zuten.
Atzoko agerraldian Atarrabiako alkate Kirio Gastearenak, Zizur Nagusiko zinegotzi Zutoia Toralek, Arantzako alkateorde Imanol Artolak, Iruñeko zinegotzi Peio Martinez de Eulatek eta Oltzako Zendeako alkate Pedro Mari Azparrenek ere hartu zuten parte. Gogoratu zutenez, jada zenbait urrats eman dituzte Udalbiltza berrantolatzeko. Hala, martxoaren 31n abiarazi zuten Irunen erakunde nazionala berriz martxan jartzeko ekimena, eta, maiatzaren 24ean, webgunea aurkeztu zuten.
Hilaren 30eko bilera 1999an Udalbiltza sortu zenean onartutako bost puntuetan oinarrituko da. Lehenak, Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzen du. Bigarrenak, Udalbiltzaren helburua lurraldetasunean oinarriturik Euskal Herriaren egituraketa politikoa indartzea dela adierazten du. Hirugarren puntuak, Udalbiltza indarrak biltzeko asmoarekin sortzen dela adierazten du, eta, horretarako, maila nazionalean dinamika politikoak bultzatuko dituela gaineratu.
Laugarren puntuak, berriz, udalen garrantzia nabarmentzen du, Udalbiltzak ateak guztientzako zabalik dituela eta herri eta lurralde desberdinen arteko elkarlana bultzatuko duela gaineratuz. Azkenik, Udalbiltzak nazioartean Euskal Herria nazioa dela irudikatu eta aldarrikatuko duela dio.
Iruñean egingo den bilkura 1999. urtean Bilboko Euskalduna jauregian Udalbiltza sortu zenean onartutako bost puntu programatikoetan oinarrituko da.