GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO | Idazlea

Sortu

 

Sortzeak esan nahi du ez zegoen tokitik zer edo zer ekartzea. Hutsunea betetzea. Beti da zailago ezerezetik sortzea zegoenetik desegitea baino. Zer dago sortzeke, galdetuko du baten batek. Eta ingurura begiratu besterik ez dago dena egiteko dagoela ohartzeko. Zeren ez dakit zuek, baina ni huts-hutsik sentitzen naiz honez gero. Goizetan irratia da deskalabrua dosi handiegietan, eta zuk ez duzu lurretik jaikitzen asmatzen. Langabetuak daude etxe guztietan, baina lanera doazenek ere ez dakite zertara doazen, euren lanaren poderioz eraiki dutena beste batzuek deseraikitzen tematzen direnez gero. Eman zure soldatatik lapurrei, banketxeei, biharamunean udaltzainek lagunduta zure etxean agertu daitezen, sentitzen dugu jauna, gure lana da. Gehiegi gastatu genuen, badakizu. Konturatu orduko lanera eramaten gintuzten autoak pedalei eragiteko horietakoak ziren, gure etxeak paperezkoak. Zer egin dugu urte guztiotan? Telebista ikusi, edo telebista irentsi, edo telebistak sodomiza gintzan utzi. Elkarri begiratzen diogu eta ez dakigu zein bidegurutzetan galdu ginen, zer gertatu zen promes egin ziguten guztiarekin. Zer esaten zuten testu liburuek engainuari, lukurreriari eta desfalkoari buruz? Ezer ez, liburuek greziarrei buruz hitz egiten zuten, eta tunika zuriz jantzita zihoazela besterik ez genuen jakin, listoak zirela, esklaboak zituztela, emakumeek ezin zutela bozkatu. Demos hitza haiei zor omen diegu, «herria» alegia, zu eta ni, sosegurik ez hau gainetik ezin kendu gabiltzanok. Behintzat badugu izena, orain izana falta zaigu. Jarri iezadazu kopa bat ardo goxo, eta ahaztu dezagun mundua mundua dela, eta geu mundutar garela. Sortu legeztatu dute. Lastima legeek jada ez dutela ezertarako balio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo