GARA > Idatzia > Mundua

Malvinen gaineko ika-mika izan dute G20koen bileran Cameronek eta Kirchnerrek

G20koen bileran David Cameron agintari britainiarra Argentinako buru Cristina Fernandezengana hurbildu zen Malvinen gaineko erreferenduma errespetatzeko eskatzera. Ika-mika labur baten ostean, nor berera itzuli zen. Eztabaidak, ordea, prentsaurrekoan jarraitu zuen.

p034_f01-148x116.jpg

GARA |

G20koen Goi Bilera hasi aurretik, Britainia Handiko lehen ministro David Cameron Argentinako lehendakari Cristina Fernandez de Kirchnerrengana gerturatu eta Malvinetan egingo den erreferenduma errespetatzeko eskatu zion. Erantzuna, Nazio Batuen Erakundearen 40 ebazpen biltzen dituen agiri bat. Ez zuen jaso eta etorritako bidetik itzuli zen.

Goizeko 09.30ean gertatu zen. Lehen hitzak eskerrak emateko izan ziren, Europako Bankuaren sorkuntza babesteagatik. Alta, Fernandez hizketan hasi orduko Cameronek Malvinen auzia jarri zuen mahai gainean, lehendakari argentinarrari herriaren autodeterminazioa defendatu behar lukeela adieraziz. Honek, aldiz, Nazio Batuen Erakundearen eskakizuna betetzeko eta elkarrizketak hasteko eskatu zion. «Nik ez dut burujabetzaz hitz egin nahi», erantzun zion britainiarrak. «Ez dut zurekin burujabetzaz hitz egingo, NBEren erabakiak errespetatzeaz baizik» argitu zion Fernandezek.

Elkarrizketa honen harira, bai Britainia Handiko bai Argentinako bozeramaileak azalpenak eman zituzten hedabideen aurrean nor bere ikuspuntua ematera.

Britainia Handiak Fernandezi esanikoa justifikatu zuen eta komertzioari dagokionez Gobernu argentinarrak politika «protekzionista» egiten duela salatu zuen.

Hector Timerman kantziler argentinarra, ostera, Fernandezek Cameroni eman nahi izan zion txostena eskuetan zuela, komunikabideen galderak erantzutera irten zen eta Cameroni Malvinei buruz hitz egiteko unea joan den hastea izan zuela gogorarazi zion, Deskolonizaziorako Batzordean hain zuzen, eta G20koen Goi Bilera ez zela horretarako lekua argitu zion, kazetariei historia irakaspenak emateaz gain.

Timermanek Fernandezek Malvinen gaineko txostena bere lan orrien artean zuela adierazi zuen eta aukera izan orduko Cameroni emateko aprobetxatu zuela. «Estatuek elkarrizketatzea betebeharra dute, baina lehen ministro britainiarrak uko egin dio txostena jasotzeari».

Gobernu argentinarrak, lehen ministro britainiarraren hurbilpena ahulezia seinaletzat jo zuen eta «zerbait esatera irten» behar izan dutela adierazi zuen «lortzen ari garen nazioarteko presioa oso handia delako». Izan ere, Txinak, Errusiak eta Deskolonizaziorako Batzordeko gainerako herrialdeek Argentinaren posizioa babesten dute eta AEBak abstenitu egin ziren.

Dena dela, Malvinetako auziaren inguruko polemikak bere horretan jarraitzen du.

argentina

Cristina Fernandezek Txinako eta Errusiako presidenteei eskerrak eman zizkien emandako babesagatik. Bestetik, Argentinako lehendakariordeak galdeketak ez duela inongo zentzurik adierazi zuen.

britainia handia

Malvinetan egingo den galdeketa onartzen ez duela-eta Argentina kolonialista dela adierazi zuen David Cameronek eta Cristina Fernandez de Kirchnerri aurrez aurre esango ziola ziurtatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo