Emakumezko koreografoei toki berezia eskainiko die Maitaldiak
Mundu osoko dantzak batzen dituen Maitaldia jaialdiaren 22. edizioa ospatuko da irailaren 7tik 16ra. Emakume koreografoei toki zabala eskainiko die aurten, eta Batsheva Dance Company israeldarra eta Herbehereetako Dutch National Ballet izango dira bertan.
Idoia ERASO | BIARRITZ
28 konpainia, 9 herrialde eta 51 hitzordu 10 egunean zehar; Maitaldiak denentzat eta denetarako eskainiko du. «Etorriko den dantza bakoitza ikustea merezi du. Proposamen estetiko oso ezberdinek hemen egiten dute topo», baieztatu zuen Maitaldia festibaleko zuzendari artistiko Thierry Malandainek.
Urte osoko lana eskatzen duen programazioaren gaineko azalpen laburra eman zuen atzo Biarritzen Malandainek: «Beste behin festibal oso eklektiko bat egitea lortu dugu. Gure momentu indartsuenak Holandatik etorriko zaizkigun hiru konpainiekin hasiko dira, horien artean Dutch National Ballet-ekin. Israelgo Batsheva konpainia urteetan gurera ekartzen saiatu eta gero lortu dugu. Ekuadorreko Konpainia Nazionala heldu zaigu eta, gainera, emakume koreografo anitz elkartu ditugu».
Jakes Abeberry Biarritzeko zinegotzi eta jaialdiko presidenteak aurtengo programazioaren balorazioa egin zuen: «Jaialdia oso fuerte hasiko dugu, eskaini nahi dugunaren muina lehen hiru gaualdietan izanen da. Dutch National Ballet helduko da Amsterdametik, Batsheva Dance Company Israeldik eta Ballet Biarritz Thierry Malandain Biarritzetik», adierazi zuen irribarretsu. Horren ondoren honakoa gehitu zuen: «Indar handiarekin hasiko dugu eta, gainera, jadanik sarrerak eros daitezke».
Senegaletik Indiara
«Ez da helburu bat izan, baina ohartu gara programazioa egin eta gero emazteek toki inportantea atxikitzen dutela», adierazi zuen Maitaldiko zuzendari Yvonne Pocheluk. Germaine Acogny senegaldarrak, hitzaren eta dantzaren bitartez, emakume afrikarraren egoera aztertuko du «Songook Yaakaar» lanean, aldarrikapen ukituarekin.
Rukmini Chatterjee indiarrak bere herriko dantza tradizionala Norvegiako black metalarekin elkartu du. «Questionings» joan den astean estreinatu zuen Oslon. Anne-Marie Porrasek jazz dantza egiten du, baina irailean aurkeztuko duen «Nadir» obrarako Marokoko hip-hop dantzariekin aritu da elkarlanean.
Andrea Sitterren Die Donau konpainiak «La cinquième position, une chronique dansée» eskainiko du irailaren 12an. Obra honen bitartez koreografoak bere ibilbidearen azterketa egiten du. «Lan hunkigarria eta dibertigarria da», definitu zuen Malandainek.
Maitaldian izango diren emakume koreografoen artean da EliralE konpainiako Pantxika Telleria ere. Gainera, jaialdian zehar egingo diren bi estreinaldietako eramango du oholtzara «H.» obrarekin. Bestea Nantesko Zentro Koreografiko Nazionala- Brumachon-Lamarche konpainiaren eskutik etorriko da. «D'indicibles violences» du izenburu irailaren 11n aurkeztuko den obrak. «Estreinaldi honi esker, dantza munduko begirada asko guregana zuzenduko dira», baieztatu zuen Thierry Malandainek.
Antzokietan eskainiko diren obra anitz eta ezberdinekin bat eginez Biarritzeko karrikak askotariko proposamen artistikoz beteko dira. Noski, mota oso ezberdinetako dantzak izango dira, baina dantza argazkiek ere ingurua dantzaraziko dute.
EliralE konpainiak irailaren 15ean Maitaldian estreinatuko duen «H.» lan berriaren entsegu publikoa egingo du bihar Azkainen eta ekainaren 28an Ballet Biarritzen egoitzan. Zazpi urtetik gorako publikoarentzat egina izan den koreografia honek Amaia Hennebutte-ren eta Ur Apalategiren azken obra literarioak hartu ditu abiapuntu.
«Obra hau definitzen ahal da gorputzak sortzen duen doinu, ahots eta keinuen inguruan. Bilaketa lan nahiko esperimentala da, baina komedia musikal bezala ere ikus daiteke», azaldu zuen konpainiako koreografo Pantxika Telleriak. «Gure hutsuneek betetzen gaituztelako «H.»-k gure gizatasunaz hitz egiten digu», gaineratu zuen. I. E.