GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio | Kazetaria

«Benetako giza maitasunaz»

Libre aukeratzen ikastea dezente kosta zitzaigun, aukeran libre izan nahi genuen hartan. Distantziatik begiratzen genituen larre gorriak, eta urteetan luzatutako belarren erdi-erditik irudikatzen genuen egunen batean egingo genuen bide hark gure atzean utziko zuen estela luzea.

Gerturatzen ginen noizean behin sugetzarrak bizi ziren hartara, oinutsik, bazkatu gabeko lur haietara. Ama ikusten genuen aurrean; aita, anai-arrebak, lagunak, herrikideak... Eta atzera egin genuen berriz.

Hurrengorako, eta hurrengorako utzi genituen eginbeharrak eta ametsak baztertu genituen, behartuta. Aukeran libre izan nahi genuela eta libre aukeratu nahi genuela, baina ausardia falta izan zitzaigun, kendu egin ziguten-eta.

Loreak hazten ikusi genituen ondoren, eta paisaia eraldarazi genuen. Larre luze haiek moztu eta koloreztatu ziren, eta mugaz bestalde egitea lortu genuen apenas konturatu gabe, bat-batean.

Marikoi izatetik gay, homosexual, lesbiana, bisexual eta transexual izatera pasa ginen. Lore bana eskaini genion geure buruari eta beste bat amari; bestea aitari, anai-arrebei, lagunei, herrikideei...

«Benetako giza maitasunaz» hitz egiten digute orain batzuek, ekainaren 28aren aurrekarietan, eta sexualitateak gizartearengan duen pisuaz ohartarazten. Eliza katolikoak hartu du berriro hitza, munduan zehar izan diren sexu gehiegikeria kasu askoren erantzuleak. Baina horiek beste kontu batzuk dira, noski, ez baitira patologia psikologiko sendagarriak, homosexualen kasuan bezala, haien ustetan.

Epidemia ikusten zuten, ikusten jarraitzen dute eta hala zabaldu dute munduan zehar; gaixoa gaixotasunari zor zaio, argi dago. Armairuetako sarrailei giltza jartzea ahaztu zitzaien ordea, eta ateekin parez jota pare gorritu zituzten muturrak, bazkatu gabeko lurretan zabaldu zituzten sugetzar haien modura. Kosk egiten jarraitzen dute oraindik eta pozoia darie haien hitzei, baina nekez hilko dute dagoeneko zabalduegia dagoen eritasuna. Kontuz, kutsakorra da-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo