GARA > Idatzia > Euskal Herria

Alduntzini babesa eskaini eta Garitanori errauskailurik ez eraikitzeko eskatu dio Bilduk

Gaur bozkatuko da Gipuzkoako Batzar Nagusietan Juan Carlos Alduntzinen aurkako zentsura mozioa. EAJk, PSEk eta PPk gehiengoa dutenez, Martin Garitanok Ingurumen diputatu berria izendatu beharra izango du ia ziur. Hori dela eta, Bilduko alkateak Garitanorekin bildu ziren atzo.

p012_f01_149x117.jpg

Jon ADAN |

Gipuzkoako Bildu koalizioko alkateak Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin bildu ziren atzo Donostian. Bertan, Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuari babesa azaldu zioten, gaurkoan Gipuzkoako Batzar Nagusietan bere aurkako zentzura mozioa bozkatuko baita. Horrez gain, Martin Garitanori «errauskailua eraikitzearen aurkako posizioa mantentzeko» eskatu zioten.

Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkatea, Eneko Etxeberria Azpeitikoa, Ainhoa Zabalo Lezokoa eta Ibai Iriarte Tolosakoa «kezkatuta» azaldu ziren Gipuzkoako Foru Aldundia egun bizitzen ari den egoeragatik, zehazki Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuaren egoera dela-eta. Aizpuruak guztion izenean nabarmendu zuenez, Garitanori «hondakinak kudeatzeko plana mantentzeko» eskatu zioten «ingurugiro, ekonomia zein etorkizun arrazoiengatik».

«Errauskailua eraikitzearen kontra gaude eta Gipuzkoako udalen gehiengoak ere jarrera hori du», adierazi zuen Aizpuruak. Azkenik, Usurbilgo alkateak Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztutako plana mantentzea aztertzen ari direla esan zuen, «plan malgua delako». Hala ere, gipuzkoarren gehiengoa errespetatzeko asmoz, ikuspuntu desberdinak batzearen alde eta alternatibak eraikitzeko prest agertu ziren.

Zentsura mozioaren bozketa

Kontuak kontu, gaur Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatuaren aurkako zentsura mozioa bozkatuko da Gipuzkoako Batzar Nagusietan 9.30ean hasiko den saioan. Diputatua kargutik kentzeko mozioa EAJko Markel Olanok, PSEko Rafaela Romerok eta PPko Juan Carlos Canok aurkeztu zuten ekainaren 22an.

Aipatutako hiru alderdiak errauskailuaren aldekoak dira, eta zentzura mozioa aurrera ateratzeko gehiengoa dute: Bilduk 22 eserleku ditu, EAJk 14, PSEk 10, PPk 4 eta Aralarrek 1. Aurreikuspenak betetzen badira, Bilduk eta Aralarrek zentsura mozioaren aurka bozkatuko dute, eta, EAJk, PSEk eta PPk, aldiz, alde. Beraz, Alduntzinek kargua utzi beharko du, eta, hartara, Martin Garitanok Ingurumen diputatu berria izendatu beharko du ia ziur.

Alduntzin berak atzo Infozazpi Irratian egindako adierazpenetan nabarmendu zuenez, «zentsura mozioa aurrera ateraz gero, mezularia aldatuko da, baina ez mezuaren edukia». Halaber, oposizioak zentsura mozioarekin Gipuzkoako Gobernua ahuldu nahi duela salatu zuen, baita EAEko datorren hauteskundeetan izango den EH Bildu koalizioa bera ere.

ADOSTASUNA xede

Bilduko alkateen esanetan, «Gipuzkoako udal gehienak errauskailua eraikitzearen kontra» daude. Hala ere, ikuspuntu guztiak batu eta gipuzkoarren gehiengoak nahi duen alternatiba eraikitzeko prest agertu dira.

ESTRATEGIA

Juan Carlos Alduntzinek atzo Infozazpi Irratian nabarmendu zuenez, EAJk, PSEk eta PPk foru gobernua ahuldu nahi dute zentsura mozioarekin, baita EAEko datozen hauteskundeetan izango den EH Bildu koalizioa bera ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo