GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Zientzia buruan eta euskara bihotzean», UEUk 40 urteko ibilbide oparoa bete du

Aurten bete dira 40 urte Donibane Lohizunen UEU sortu zenetik. Baionan egindako ekitaldi xumean garai haiek gogora ekarri zituzten, baita gaurdainoko bide oparoa ere. Zailtasunak zailtasun, jakintzaren transmisioa euskaraz egiten segitzeko borondatea agerian geratu zen.

p014_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Duela 40 urte Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) abian jarri zutenek behar bada ez zuten ezta imajinatu ere egingo horren ibilbide oparoa egingo zuenik. Jean Haritxelar izan zen horietako bat Piarres Xarriton eta Manex Goienetxerekin batera. Katalanen eredua jarraituz, Donibane Lohizuneko Ravel lizeoko aretoak erabiltzeko baimena lortu zuten eta han jarri zen abian, 1973an, UEU. Bertan, hogei irakasle eta 90 ikasle inguru elkartu ziren.

Hurrengo urtean, 1974an, esperientzia errepikatu zuten, leku berean. «Ohartu ginen ikasle gehienak Hego Euskal Herrikoak zirela. Nabarmena zen ikastaro horien egarri eta gose zirela», adierazi zuen Haritxelarrek, «etengabe galderak pausatzen zituen Andolin Eguzkitza izeneko gazte bat» oroituz.

Geroztik lekualdaketa ugari izan zituen UEUk, eta, hasierako hirukote haren «ametsa» egia bilakatuta, beste lurraldeetara ere hedatu ziren ikastaroak.

«Belaunaldi asko igaro dira UEUtik», Eneko Bidegain idazleak eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak esan zuen bezala. «Hainbat katebegiko kate bat» gisa definitu zuen UEU: «Kate hori lotuta, eskuz esku goaz aitzina, euskarari, euskal ikasketei eta euskarazko jakintzari etenik eman gabe».

Giroa eta trukea

Ikasle, kazetari eta irakasle bezala UEU barru-barrutik ezagutzen duela nabarmenduta, «euskarak gizarteko alor guztietarako balio duela frogatu» dela gaineratu zuen Bidegainek, bertako «giro atsegina» goraipatuz: «UEUn elkartzen garenok elkar ezagutzen dugu, elkartrukea indarrean jartzen dugu, giro onean, zientzia buruan eta euskara bihotzean».

Euskarazko jakintzaren zabalkundea handitzen ari den garaiotan erakundeek laguntzak kendu izana deitoratu zuen Bidegainek, baina baikor amaitu zuen hitzartzea, «UEU hor dagoen bitartean eta euskaraz ikertu eta pentsamendua sortzen dutenek hor irauten duten artean, euskara biziko» dela esanez.

Aldez aurretik, Karmele Artetxe UEUko egungo zuzendariak dituzten «arazo ekonomiko larriak» izan zituen hizpide, eta erakundeek, «batez ere Eusko Jaurlaritzak,» diru partidak kendu izana kritikatu zuen: «Ez digute soilik diru laguntza kendu, egindako lanaren aitortza eta egiteko dagoenarena ere kendu dizkigute».

UEUren ibilbide oparoa bereziki azpimarratu zuen Artetxek, egindako ehunka ikastaroak, argitaratutako 300 bat liburuak eta sortutako hiru aldizkariak («Uztaro» giza eta gizarte zientzietakoa, «Aldiri» arkitekturakoa eta «Kondaira» historiakoa) horren lekuko ipinita. «Herri baten kultur proiektua garatzeko eta aldarri gisa ere, UEUk oraindik zeregin handia du aitzinean», esan zuen zuzendariak.

Ekitaldian euskalgintzako, kulturako, unibertsitateko, Euskaltzaindiko eta UEUko ordezkariek hartu zuten parte. Umore puntua ere jarri zuen Asisko Urmenetak hitzartzeen artean, paper zuri luze-luze batean marraztutako bineten bidez UEUk bere 40 bizitza urteetan bizitako hainbat pasadizo jasoz. Publikoan zeuden askoren irribarrea eta oroitzapenak ederki astindu zituen marrazkilari nafarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo