udate
Bizkaiko golkotik Pirineorainoko hotsak izango dira Sopuertako Mendebala jaialdian gaur eta bihar
Anartz BILBAO | SOPUERTA
«Kantauri aldeko herri eta nazioen nortasun kulturala adierazteko sortu zen Mendebala jaialdiak», Santi Rodriguez arduradunaren hitzetan; hamaika urrats eman ditu, musika ardatz. «Kantauri aldetik Gaztela iparraldeko taldeei ireki genien esparrua gero, eta Pirineoei orain, Aragoi eta Kataluniatik bi talde ekarrita».
Gaur hiru talde entzuteko parada izango da bertan. Kantabriako Gatu Maluk irekiko du festa. «Sustrai sakoneko musika tradizionala jorratzen dute, berezko izaera kantabroa duena» -montañes hizkuntza berreskuratu nahian dabiltza-. Gero emakume batek, Judith Mateok joko du. «Jatorri asturiarra duen gaztelarra da, bere musika zeltiarra da baina nahiko erritmo modernoekin nahasia, funky, rock...». Gaua ixteko berriz, «eta gazteei zuzenduta, Maitips katalandarrak. Berez ez dute folk sustrairik, baina konpromezu handiko hitzak darabilte reggae eta ska doinuekin, gazteriak oso barneratuta dituenak».
Rodriguezek bihar joko duten lau taldeak ere aurkeztu dizkigu. Hasteko, Ganbara euskal folk taldea. «Xabi Aburruzagaren laguntzarekin haize berriak jaso ditu aspaldiko taldeak, eta Mendebalan izango dute lehen kontzertu handia». Hauen ostetik aragoiko Biella Nuei izango da oholtza gainean, Javier Paxariñoren laguntzarekin. «Oso musika berezia jorratzen dute, bere garaian Al Andalus izandako Aragoiko tradizioa erakutsiz -haiek diotenez-». Gauak aurrera egin ahala, gazte jendearengan pentsatuta, Esne Beltza izango da hirugarren taldea; «joera nahasketa interesgarria proposatzen dute, euskal folketik raperainokoa, Xabi Solanoren soinu txikiak gidatua». Aurtengo egitaraua bukatzeko, galiziar talde bat, Ulträqäns; «musika oso dinamikoa, Galiziako gaita eta panderoz...» punkera hurbiltzeraino, guk entzun dugunez.
«Zazpi talde hauekin aniztasun musikala erakutsi nahi dugu eszenatokian, euskal musika eta euskara babestu, emakumeen presentzia sustatu eta gaztetxoek beren esparrua izan dezatela bermatu», laburtu dizkigu helburuak Rodriguezek. Jaialdiak bi egun hartzen ditu Sopuertako Santa Ana zelaietan, paraje zoragarrian, eta doanekoa da -kanpatzeko gunea ere eskaintzen du. Emanaldiak 22.00etan abiatzen dira, eta bi ordu goizago azokak irekitzen ditu ateak.