GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Zea Mays eta Obrint Pas, Gasteizko txosnetako giroa berotzeko arduradunak

p056_f02.jpg

I.M. | GASTEIZ

Gasteizko jaietako txosnetako menuan Zea Mays eta Obrint Pas izango dira plater nagusiak Txosnen Batzordeak Gasteizko gaztetxean atzo egindako prentsaurrekoan ezagutzera eman zuenaren arabera.

Aste batzuk baino ez dira falta Gasteizko jaiak abian jartzeko, eta, horrekin batera, Txosnen Batzordeak aurkeztu zuen egitarau zabalari hasiera emateko. Abuztuaren 3an Zea Mays talde bilbotarrak txosnak inauguratuko ditu, egun berean duela gutxi utzi gaituen Blanki Anteparari omenaldia egingo zaiolarik.

Iñaki Ziarsolo eta Maider Goikoetxea Txosnen Batzordeko ordezkariek azaldutakoaren arabera, «injustiziaren kontra lan egiteko izan duen grinagatik» erabaki dute errepresaliatuekiko elkartasunaren ikurra izan den emakumezkoa saritzea.

Urte honetako aurrekontuan ahalegin ikaragarria egin behar izan duten arren, programak hainbat talde esanguratsu biltzen ditu. Hala, Lendakaris Muertos, Bad Manners, Fuel Fandango, Sumision City Blues, Muturbeltz, Makala DJ eta beste hainbat talde izango dira Gasteizko txosnen giroa berotzeko arduradunak.

Kontzertuak bakarrik ez

Baina txosnetako programazioa ez da kontzertuetara mugatzen. Goikoetxeak argitutakoaren arabera, «gure betiko izaera jarraituz, eredu parte hartzaile, herrikoi, parekide eta euskaldunaren aldeko apustu garbia egiten dugu».

Era berean, txosnak antolatzen dituen kolektiboak gomutara ekarri du aurtengoan murrizketak eragin nabarmena izan dutela programazioan, eta, horregatik, kontzertuetara etortzen diren guztiei «botelloia ez egiteko eta txosnetan kontsumitzeko» deia egin diete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo