GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Lekeitio, kale artearen brankan Ardoaren kulturaren gailurra

p047_f01_169x264.jpg

p047_f02_.jpg

p047_f03_140x116.jpg

Ane Arruti | Lekeitio

Herri tradizioa eta abangoardia, denetik pixka bat, edo dena batera. Lekeitioko Nazioarteko Kale-Antzerki jaialdiak bertako, Euskal Herriko eta mundu zabaleko punta-puntako lanak erakutsiko ditu datozen hiru egunetan zehar. Non eta, eguraldiak laguntzen badu behintzat, eskaini daiteken paraje ederrenetako batean. Lekeitioko itsasoa, portua, hondartza, kale estuak, plazak... dira arte sortzaile hauen eszenatoki eta, kasu askotan, agertoki bakar, tokian tokirako sortzen baitira hainbat ikuskizun. Lekeitiora hurbiltzea beste aukerarik ez dago, beraz, emanaldi errepikaezin hauez gozatzeko.

Hamaika konpainia izango dira igandera bitartean Bizkaiko kostaldeko herri honetako txoko ezberdinetan ikusiko ditugunak. Horietan bi lekeitiarrak: KarKabia emakume taldea eta bere «Nire Nia baino ez dut» eta Lekittoko Deabruak eta «Mingorri». Euskal Herritik, berriz, lau taldek euren lan berrienak eskainiko dituzte. Hortzmugaren haurrentzako «Libertia» ikuskizunak ekingo zaio, esaterako, gaur jaialdiari -19.30ean plazan-. Gaitzerdik «Suz» aurkeztuko du; Salitre-Teatro Mutantek, «Amor ciego»; eta, Matrioskak, «Motel Matrioska».

Nazioartetik, berriz, Luc Amoros talde frantziarren -atzo Bilbon izan zen- «Page Blanche» lan ikusgarriaz gozatzeko aukera izango da (larunbat gauean); Zanguango gaztelarrek «La mecánica de la naranja» komedia eskainiko dute; D´Ailleaurs uruguaiarrek, «Un homme et une femme», «Les Quiconques» eta «Parle-moi d´Ailleaurs»; Trifaldó kataluniarrek «L´es tres»; eta herrialde berdineko Industrial teatrerak, «De paso» clown lana.

Esan bezala, 23 urte beteko ditu jaialdiak, baina lehenengo pausuez hitz egiteko, 33 urte egin behar dugu atzera. «1979an nik esperientzia errepikaezina eta ahaztezina izan nuen», gogoratu zuen Imanol Agirrek, Lekeitioko Xut kultura elkarteko kideak. Antzerki topaketak antolatu ziren orduan Eskandinaviatik, Danimarkatik eta Italiatik iritsitako talde ezberdinekin. «Eguraldi kaskarrari aurre eginez, lehenengo aldiz, kale antzerkia ezagutzen ez genuen moduan ikusi genuen Euskal Herrian. Lehenengo hankapaluak itsasotik etorri eta porturatu egin ziren... Denok harrituta gelditu ginen. Diktaduratik atera berriak ginen», oroitu zuen. Esperientzia hark kale antzerkian murgildu zuen Agirre eta hamar urteren buruan, topaketetan ikusi zuena gogoan, udaletxera jo zuen, giro hura berreskuratu asmotan. Horrela sortu zen 1989an Lekeitioko Nazioarteko Kale-Antzerki jaialdia, Euskal Herriko lehenengoa.

Atzera begira jarrita, urte hauetan guztietan kale-antzerkiak izan duen bilakaera begi bistakoa da. «Hirugarren antzerkia deitzen zitzaion lehen, modu despektiboan, baztertzailean. Kale antzerkia jaietan egiten zen, barraken tartean eta modu txarrean. Oso txarto tratatzen gintuzten, titiriteroak. Benetako antzerkia areto batean egiten zena zen», esan zuen Agirrek. Bazterketa horretatik, ordea, jai gehienetan presente egotera pasa da. «Polonian jokatu berri den lehiaketa honetan, hasiera eta bukaera kale antzerkia zen, Olinpiar jokoetan ere. Oraintxe izan da EHZ jaialdia eta hor ere bazen. Kale antzerkirik gabe, jai gutxi egongo da gaur egun, sormenaren brankan dago, arte ezberdinak nahasten dituelako. Eta edozein tokitan ikus daiteke, goi mailakoa gainera».

Zuberoako Maskaradak jotzen ditu Agirrek kale antzerkiaren aitzindari. «Guri asko gustatzen zaigu herri tradizioa eta modernitatea nahastea. Herri tradizioa da kale antzerkiaren aitzindaria. Euskal Herriko kale antzerkiaren historia kontatzen dugunean, Zuberoako Maskaradetan kokatzen dugu, Europako zaharrenetakoak dira gainera. Nahasten dute dantza, antzerki probokatzailea, kantua, musika... Kale antzerkia hori da».

Eraldaketa horretan, espresio lekuen zabalkuntza ere azpimarratzekoa da eta horren adierazle dira egun Euskal Herrian egiten diren kale antzerki jaialdiak: Leioa, Zarautz, Bilbo, Lekeitio, Gasteiz, Biarritz, Arrigorriaga...

Konpainia eta programatzaileen topaleku izango da hiru egunez Lekeitio, baina, jaialdi honek hasieratik zerbait bultzatu badu, bertakoen sormena izan da. «Orain 25 urte argi geneukan kanpotik ekarrita ere, bertako sormena bultzatuko genuela. Bai lekeitiarrena eta baita Euskal Herriko talde profesionalena ere. Konturatu ginen Lekeitiok bazuela aukera ekoizteko, gauza berriak eskaintzeko eta urte hauetan hamar bat ekoizpen egin ditugu». Iaz, esaterako, «Sarritsasoa» ikuskizun hunkigarria egin zuten hondartzan, Joseba Sarrionandiaren poemak eta dantza uztartuta -aurten Eako poesia egunetan izango da ikusgai-.

Aurten, berriz, bi lan sortu dira herritik. KarKabia taldeak udaberrian estreinatu zuen «Nire Nia baino ez dut» lana eta, kalerako moldatuta, gaur 23.00etan eskainiko dute plazan. Emakumez osatutako obra da, hauek eta kartzelako isolamendua ditu oinarri, hain zuzen, gorputz adierazpena, musika eta ikus-entzunezkoak nahasten dituen lanak. Presondegietan ematen den «eskubide urraketa eta euskal preso politikoen eskubideen aldeko elkartasuna arte esparrura eramanda».

Lekittoko Deabruak taldeak aurkeztuko du aurtengo bigarren lana, bihar 00.30etik aurrera. Kataluniako esperientziari jarraituz, «Mingorri» correfoc-a egingo dute, suzko kalejirak, deabruak eta pirotekniak protagonista dituela. Lekeitioko pertsonai mitologikoa da Mingorri. «Jakin badakigu Aste Santuan parte hartzen duen mihi gorri eta luzedun txakur bat dela. Txakurra ala herensugea. Heriotzaren laguna omen. Beldurgarria. Misteriotsua. Eta ikara honi aurre egiteko, Lekeitioko umeek azukredun karameluez josi oi dute Mingorriren mihi luzea». Ikuskizunak benetako «historia ezkutua» kontatuko omen du.

Krisialdiaren aurrean kale antzerkiaren egoeraz galdetuta, Agirreren esanetan, sektorea diru publikoari lotuta dagoen heinean, programazioan beherakada nabari da baina «ez gaude kexatzeko moduan». Baikor begiratzen du aurrera: «80an sortu ginen, krisialdi hura kristorena zen baina lortu genuen espazio bat sortzea. 1992an krisialdi latza izan zen eta gainditu genuen. Oraingoa ere gaindituko dugu. Egia da, udaletxeek oso diru gutxi dutela programatzeko eta kale antzerkia ezin dela egin ez bada diru publikoarekin. Lotuta doa. Gaur egun euskal konpainiek arazoak dituzte baina jaialdiak ondo daude, iraunkor. Donostiako kultur hiriburuaren inguruan ere gauza asko ari dira sortzen».

Etorkizuna bermatzeko, iaztik «harrobia» ere ari dira lantzen. Izan ere, bigarren urtez antolatu dituzte Arte Eszenikoetara hurbiltzeko gazte udalekuak. Aurtengoan, Araba eta Lekeitioko 30 gaztek hartu dute parte eta jaialdia eta bere antolakuntza bertatik bertara jarraitzeaz gain, film labur bat grabatuko dute eta beste hamaika ekintza dituzte aurreikusita asteartera bitartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo