Silverio Urkiri Debako alkateak dimisioa aurkeztu du
GARA | DEBA
Silverio Urkiri Beitia alkateak dimisioa aurkeztu zuen atzo Debako Udalean. Urkirik azken hilabeteak bajan eman ditu medikuaren aginduz eta kargua uztea erabaki du arrazoi pertsonalak argudiatuta.
Hartara, bihar arratsaldean, 19.30ean, egingo den udalbatzan, Debako Alternatibak Maider Zubikarai alkateordea aurkeztuko du alkatetzarako. Egun, Zubikarai, Hirigintza eta Ingurumen-Turismo batzordeen arduraduna da. Silveriok utzitako zinegotzi kargua ordezkatzeko ere beste zinegotzi bat izendatuko dute.
Alternatiba Eraikitzen-ek bost zinegotzi lortu zituen udal hauteskundeetan; EAJk hiru, EAk eta Aralarrek bi eta Itziar Herria Sortzen-ek, bakarra. Bildu koalizioa ez zen aurkeztu, EA bere aldetik aurkeztu baitzen.