GARA > Idatzia > Ekonomia

Industrialdeen fusioak kalte larriak izango dituela salatu dute Oarsoaldeko alkateek

Irungo industrialdeak Oarsoaldekoa absorbituko duela salatu dute udal ordezkariek. Erabakiak interes politikoei erantzuten diela diote eta eskualdearentzat izango dituen ondorio larriez ohartarazi dute.

p026_f01.jpg

Iraia OIARZABAL | OIARTZUN

Gipuzkoan egitekotan diren industrialdeen fusioen harira, Sprilur-ek, eskualdeko udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren adostasunik gabe, Oarsoaldeko eta Irungo industrialdeak batzea erabaki duela salatu zuten atzo Pasaiako, Lezoko eta Oiartzungo alkateek, Oarsoaldeko Garapen Agentziako gerentearekin batera eginiko agerraldian.

Amaia Agirregabirira Pasaiako alkateak azaldu zuenez, fusioa absortzio bidez eramango da aurrera. Hau da, Irungo industrialdeak Oarsoaldekoa bereganatuko du. Zentzu horretan, neurri hau udalen hitza kontuan hartu gabe erabaki izana salatu zuten, izan ere, Sprilur batzordean duen %51eko ordezkaritzaz baliatu da fusioa onartzeko.

Agirregabiriaren hitzetan, «PSEren interes elektoralistak» daude egitasmo honen atzean eta hauteskundeei begira «zerbait saldu nahian» dabilela gaineratu zuen.

Fusioa argudiatzeko arrazoi ekonomikoak erabili dituztela azaldu zuen. Hots, industrialdeak batuta dirua aurreztu ahal izango dela arrazoitu du Sprilurrek. Oarsoaldeko udalen arabera ordea, aurrezpen hori oso txikia izango litzateke, eta trukean tokian tokiko industriari kalte egingo liokeela uste dute.

Horregatik, erabakiak kontsentsuz hartzera deitu zuten udal ordezkariek, eta proiektu berrietan inbertsio handiak egin beharrean, egun dauden azpiegiturak baliatuz eta hobetuz eskualdeko industrialdeak indartzeko neurriak hartzeko eskatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo