Amets TXURRUKA Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia
Abiapuntua eta helmuga
Paris, maiteminduen hiria. Hala diote. Baina txirrindulari askok Tourra amaitu eta etxera datozelako maite dute hiri hau. Asko dira dagoeneko bertara iristeko egunak ongi kontatuta dituztenak. Bertan izan naizenetan bezala, orain ere Champs Elysees inguru horretan bizi izan ditudan emozioak datozkit gogora. Txirrindulariontzako helmuga, lehiaketa garrantzitsuenaren helmuga, amets baten helmuga, beti maite izan dugun horrek (txirrindularitzak) jarritako helmuga.
Baina txirrindularitza maite duen lagun bat dut han eta berarentzako Paris abiapuntua da, helmuga izan beharrean. Eneko Parisen dago azken urte hauetan eta badakit Euskal Herrian zegoenean bezala maite duela txirrindularitza. Gure pedalkada guztiak gertutik jarraitzen ditu aukera duen guztietan. Eta guk pedalkada bakoitzean Parisera iristeko borroka egiten dugun legez, berak Parisetik irten eta etxera itzultzeko egiten du. Horregatik, bada, batzuentzat helmuga dena beste batzuentzat abiapuntu izan daiteke. Bide horri ekiteko zenbat egun falta zaizkion zehaztu gabe du oraindik, baina dagoeneko prest eta ilusioz dago.
Enekok afizionatu mailan genbiltzanetik eskaini digun babesa eta animoak eskertzeko, Tour honetan notizia on bat helarazten saiatuko nintzela zin egin nion neure buruari. Baina azkenaldi honetan, ez nabil zorioneko eta notizia onak baino ezbeharrak gehiago dakartzat lehiaketa honetatik. Nire helburua bete ezinda, etxera etorri beharrean izan naiz aurten ere, baina bera izan da notizia ona helarazi diguna: Paristik Euskal Herrira bidean dela Kattalin! Zorionak bioi, Eneko eta Arantxa!
Bestalde, gaur dezente izango dira Pirinioetara bidean begia jarrita izango dutenak; a zer saltsa! Ez ahaztu txapela eta krema sartzea motxiletan, baina ezta animoak emateko grina eta gogoa ere. Lehiaketan denok nahi baino euskaldun gutxiago gelditu arren, inoiz baino indar handiagoa beharko dute, eta animoak dohainik direnez, egin garrasi!
Beste guztioi ere animo eta besarkada bana, laster etxeko goxotasunean atseden hartzeko moduan izango zarete eta!