Udate
Zerga igotzeak kultur egituraren bukaera ekar dezakeela ohartarazi dio Urgellek Werti
GARA | DONOSTIA
Blanca Urgell Lakuako Kultura sailburuak gutuna helarazi dio Jose Ignacio Wert Madrilgo Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroari, kultur produktu eta zerbitzuei aplikatu beharreko Balio Erantsiaren gaineko Zerga igotzeko hartutako «erabaki desegoki hori erabat aldatzeko» eskatzeko. «Kezkatuta, arduratuta eta nahigabetuta» dago Urgell neurri horregatik, kultur sektorearen biziraupenerako «benetan mehatxu larria» dela konbentzituta dagoelako.
Azaltzen duenez, sektore honen egitura ekonomikoa ahula da, eta krisi honek biktima ugari utzi ditu. «Herritarrek `behar-beharrezko' horretara mugatu beharra daukate gero eta gehiago, eta kontsumoaren beherakada horrek bereziki eragiten dio kultur enpresa eta proiektuen jarraipenari». Gainera, sailburuaren iritziz, sektoreak dirua biltzeko dituen aukerak urriak dira esparru batzuetan; museoetan, esaterako.
Bere ustez, kultur produktu eta zerbitzu ia guztiei BEZa nabarmen igotzeko erabaki hori hartuta (salbuespen ia bakarra paperezko ohiko liburuak dira) kultur munduaren gaineko «sentiberatasun eskasa» erakutsi dute, baita «mundu hori ez dutela behar bezala ezagutzen» ere. Are gehiago, erabaki horrek «kutsu politiko nabarmena» dauka Urgellen aburuz, eta kulturaren munduak dauzkan beharren kontra jartzen du Werten gobernua. «Bat-batean, badirudi beti krisian dagoena garbitzea erabaki dutela: antzerkiaren, dantzaren, zinemaren eta ikus-entzunezkoen mundua, museoen eta ondarearen mundua, eta beste hainbat adierazpen eta errealitate, eta horiek gabe herri honek nortasuna galdu eta herri izateari utziko lioke».
«Bat-batean, badirudi herritarrak kulturarako eskubiderik ez duela erabaki duzuela -esaten dio Werti-, eta kultura luxuzko ondarea dela, krisi sasoian albo batera utz daitekeena; badirudi zuentzat ez dela gure herritarren izaera pertsonal eta kolektiboaren funtsezko osagaia eta, aldi berean, aniztasunak dakarren nortasunaren adierazpidea».
Euskal kulturako sektoreen atsekabea helarazi dio Urgellek Kultur ministro espainolari, eta ohartarazi dio egin duten urrats horretan ezingo diotela lagundu. «Argi geratzen da herritar gero eta kritiko eta askeagoak prestatzeko orduan kulturak izan behar duen zeregina ezerezean uzten duzuela», idatzi du gogor. «Ezer egin ezean, erabaki horrek gure herri honetan berez ere pobretuta dagoen kultur egituraren bukaera ekar dezake», ohartarazi du.