Mandelak bere osasuna zorrotz zaintzen jarraitzen duela dio bere lagun on batek
GARA | JOHANNESBURGO
Nelson Mandelak, zeinak 94 urte betetzen dituen gaur, zorrotz jarraitzen ditu bere medikuaren esanak, garrantzi handia ematen baitie bere osasunaren nondik norakoei. Horrez gain, eguneroko berriei ere jarraipena egiten die, bere lagun Kathy-k, Ahmed Kathradak, 82 urtekoak, kontatu moduan.
Kathradak eta Mandelak 26 urte eman zituzten batera kartzelan, apartheida salatzeagatik. Elkar ikusten jarraitu dute ordutik, nahiz eta Mandelak, ospitaleratu zutenez gero, bisitak murriztu egin behar izan dituen. Maiatzaren 28an Johannesburgon elkartu ziren azkeneko aldiz, Nelson Mandela bere jaioterrira, Qunura, itzuli aurretik.
Ahmed Kathradak «egunkari bultzo batekin eta `Beeld' egunkari afrikarra irakurtzen» aurkitu zuen Mandela. «Beeld» Hegoafrikako zurientzako egunkaria zen. Urteetan horren aurka borrokan aritu zen Mandela, ondoren arrazagatiko segregazioa amai zedin negoziazioetan aritu bazen ere.
Kathy Hegoafrikako komunitate indiarreko kide da. Kartzelan galtza gehiago eta ogia izateko aukera eman zion horrek, beltzei ez bezala. Mandelak «hamar urte igaro zituen ogirik jaso gabe».
Bakearen Nobel sariduna beti egon izan da egoera fisikoarekin kezkatua. «Kartzelan ginenean ere oso arduratsua zen eta guztiok animatzen gintuen kirola egitera».
«Osasuntsu izan ezean, batek ezin du ez politiko, ez bestelakorik izan» pentsatzen zuen.
Egun «sendagileen irizpideekin oso zorrotza da, oso diziplinatua da. Orokorrean diziplina handiko gizona da».
Mandela oso ezaguna egin zen apartheidaren aurkako borrokaren ondorioz, baina bere lagunak nabarmentzen duenez, «Mandelak beti kolektiboan jokatu» du, erabaki oro gainontzeko kideekin konpartituz.