GARA > Idatzia > Kultura

Haizea BARCENILLA Arte komisarioa

Kulturaren zerga

Lehenengo berria: irailean kultur ekitaldien eta eginkizunen BEZa %8tik %21era igoko da, hala nola artisten zerbitzuen zerga; autonomoen atxikipena ere %15etik %21era igoko da. Bigarren berria: Madrilgo udaletxeak, bere egituraren erreforman, lehen 77 langileak kaleratuko ditu. Guztiak udaletxearen kultur zerbitzuak kudeatzen dituen enpresa publikoko langileak dira. Hirugarren berria: BEZaren igoeraren berri izan bezain laster, Amancio Ortegak, munduko laugarren gizonik aberatsen eta Inditex arroparen inperioaren jabeak, bere dendetan BEZaren igoera ez duela aplikatuko adierazi du.

Nire amak beti esan izan du aberats okitua izateko azpijokoan aritzea nahitaezkoa dela; eta argi geratzen da kasu honetan. Amanciok Indian lanean dituen umeen soldata jaitsi edo lanorduak igo eta prezio berdinak manten ditzake galerarik izan gabe. Iskinako dendari txikiak egin ezin duen zerbait, alegia.

Bitartean, kulturaren munduaren elitizazioak jarraitzen du, jo eta su, geure begien aurrean. Gutxi barru, musika, zinema, literatura eta artea gutxi batzuen esku mantenduko den luxu bat izango da, hezkuntza eta osasunarekin batera. Jada prekarizatua zegoen artisten lanak are garai gorriagoak ditu aurretik.

Irakurle maiteok, izan gaitezen behingoz geure benetako balioekin koherente eta utz diezaiogun Inditex bezalako enporioetan erosteari; alda ditzagun hiru sandalia pareak eta hogeita hamar kamisetak antzerki, zinema eta musika ekitaldien sarrerengatik. Zeren sistema global hiperkapitalista bermatuz gero, hamar urte barru, guztia gizartearen ehuneko biaren esku dagoenean bakarrik, damutu egingo gara zinez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo