GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Beriain, Andia mendikateko gailur gorena, ezagutzeko giltzak

Mendizaleen artean oso ezaguna den arren, Beriainen gailurra egitea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Bada, gutxi batzuk dira Euskal Herriko erdigunetik hurbil dagoen mendi honek biltzen dituen paisaiak miatzera ausartzen direnak. Horien artean, Luis Urzainki mendizale porrokatua dugu bat. Iruindar honek «Nafarroako mendirik politena» igotzeko bide desberdinak proposatu eta erakusten dituen gida-liburua argitaratu berri du.

p054_f01.jpg

Iris MURILLO

Arakil ibaiaren ertzean, Aizkorriren eta Aralar mendilerroaren aurrean, 50 kilometro inguruko mendizerra hedatzen da. Naturak egindako hesi menditsuak goi-lautada izugarri bat du buruan. Bertan, alde batean, pagondoz osatutako baso zarbatsu bat altxatzen da zerura begira; bestean, berriz, zelaiak zabaltzen dira ikusmugan. Mendikatea hiru izen desberdinekin moztuta agertzen da mapetan; Arabako ordokian Entzia mendilerroa (1.193 m.) daukagu; Altsasuren gainean, kare haitzezko muturrekin lirainduta Urbasako mendizerra (1.153 m.); eta azkenik, Etxarri eta Irurtzunen (Nafarroa) artean, Andia mendikatea (1.494 m.).

Azken horretan, hodeiak urratzen dituen berebiziko gailurra aurkitzen da; Beriain mendia (1.494). Altsasutik ikusita, mendi-gailur handientsuak lortezina dirudi. Bada, alde guztietatik 500 metrora arteko harrizko hormez inguratuta dago. Mendi tontorren magalean dagoen goi-ordokia San Donato izenarekin ezagutzen da, Beriainen gailurreko baselizaren izen berarekin, alegia.

Euskal Herriko erdigunetik hurbil dagoen mendi honen berezitasun eta zailtasunak direla-eta, gutxi ausartzen dira ezohiko bideetatik igotzera. Hori ikusita, Luis Urzainki mendizale porrokatuak Beriain mendia hobeto ezagutzeari eta igotzeko bide berriak aurkitzeari ekin zion sei hilabete luzez.

Lantegi batean lan egiten zebilen arren, denboraldi bat hartzea erabaki zuen bere zaletasun hori bideratzeko. Bada, «txikitatik mendiak igotzea izan dut gustuko», aitortzen du Euskal Herriko mendiak, Pirinioak eta Alpeak ere igo dituen mendizaleak.

Bestelako bideak miatzen

«Nahiz eta oso mendi ezaguna izan mendizaleen artean, konturatu nintzen mundu guztiak leku beretik igotzen zuela, eta beraz, mendiaren bide gehienak ezezagunak zirela», dio iruindarrak. Horregatik, mendia igotzeko leku desberdinak miatzen hasi zen; Unanu, Arbizu, Lakuntza, Arruazu, Uharte Arakil, Irañeta eta Ihabar herrietatik abiatuta, besteak beste.

Eta hara non, bere proiektua aurrera eramaten hasi zenean, «bide bakoitza bestea baino politagoa» zela ikusi zuen 30 urteko Urzainkik. Bere esperientziak zabaltzeko asmoz, gida-liburu bat sortzeko ideia etorri zitzaion burura.

Pasa den hilabetean kaleratu zuen lana, «19+2» izenburukoa, bertan horrenbeste ibilbide azaltzen dituelako.

Bertan, «Nafarroako mendirik politena» igotzeko bide ezohikoak erakutsi ez ezik, bizikletaz igotzeko ibilbideak ere gomendatzen ditu Urzainkik.

Txirrinduz egiteko bideen artean, Iruñetik edota Altsasutik Beriainera doazenak nabarmendu ditu. Beraren ustez, «oso interesgarriak» ez ezik, bertako jaitsierak «politak eta errazak» ere badira.

Lanak «oso harrera ona» izan duela adierazi du mendizaleak, «batez ere Sakanako herritarren artean, beraiek baitira egunero mendia ikusten dutenak». Bada, euskaraz zein gaztelaniaz eskuratu daitekeen gida-liburua eduki desberdinez josita dago; bizikletaz egiteko ibilbide ugari, Beriain mendiaren magalean eskalatzeko leku berriak zein ezagunak, informazio-elkarrizketak, eta abar. Beriain mendia hobeto ezagutzeko aukera ematen die mendizale amorratuei zein hasiberriei zuzendutako liburu honek. Argazki koloretsu ikusgarriez hornituta eta erreferentzia laburrez lagunduta, «jada ezaguna» den mendi bat berrasmatu ez ezik, «benetan» ezagutzeko abagunea eskaintzen du Urzainkik bere lehenengo argitalpen honetan.

Euskal Herriko erdigunea eta ihurbaineko tximinia

Beriain mendiaren ondoan, ordu erdi baino gutxiagoko distantziara, Euskal Herriko erdigunea seinalatzen duen monolitoa dago, «oso leku berezia da eta gainera, hara joateko bidea erraza da», adierazten du Luis Urzainkik. Monolito horrek berak Iñaki Ochoa de Olza mendizaleari ere omen egiten dio, Annapurna mendian hil zen iruindarrari. Bestetik, Urzainkik Ihurbain mendian dagoen tximinia ikustea gomendatzen du, «Sakanako begiratoki paregabea» delako. Bada, mendi hau Andia mendikateko bigarren mendirik garaiena da (1.416 metro). I.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo