Udate
I. Mus Txapelketa izango da Andre Maria Zuriaren jaietan
Amaia GARTZIA | GASTEIZ
Andre Maria Zuriaren jaietarako egitaraua osatzen dabiltza egunotan eta beste ekintza herrikoi baten berri eman dute aurtengo saioari begira: estreinakoz, Mus Txapelketa jarriko da abian.
Ekimena Blusa Mutil eta Nesken Elkarteak, Txosna Batzordeak eta Euskal Herriko Mus Federazioak antolatu dute. Azaldu dutenez, jaiegunetako bazkalosteetan urtero izaten zen «hutsunea» betetzearren abiatu dute egitasmoa. Orain arte, zezenketek betetzen zuten egitarauko tarte hori, eta gero eta jende gutxiago joaten zela-eta, alternatiba gisa beste proposamen baten beharra zegoela ikusi zuten.
Txapelketa abuztuaren 6, 7, eta 8an jokatuko da, 17.00etatik aurrera Txosnaguneko Karpa Nagusian.
Izena eman nahi duenak horretarako aukera du jada Gasteizko hainbat tabernatan, besteak beste, El Laberinto, Txalupa, Areatza, Lorategi, Izargorri, Erdizka eta Garraxin. Jaiak hasita, Txosnaguneko Karpa Nagusian bertan soilik egin ahal izango da, 10 euro ordainduta.